Nautika Eskolako 15 ikaslek Ortube ontzia berreskuratzen jarraitzen dute
Ikasleen, irakasleen eta boluntarioen lan bateratuak "proiektu bizi" bihurtu dutela Ortube azpimarratu dute udal ordezkariek. Izan ere, heziketa praktikoa eta itsas ondarearen zaintza uztartzen dituen lankidetza hitzarmenak hirugarren urtea bete du.
Bermeoko itsas ondarearen historiaren zati bat zaintzeko eta bizirik mantentzeko lanean ari dira Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Nautika Eskolako 15 ikasle, Nautikak eta Ortube itsasontziak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Izan ere, ikasleak Ortube ontzia birgaitzen ari dira, eta horien jardunaren nondik norakoak ezagutu dituzte Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Xavier Ortuzar Butron alkateordeak.
Lanak ikasturteagaz batera abiatu zituzten urrian, eta ikasturte amaierara arte luzatuko dira. Astean behin joaten dira itsasontzira, gehienetan eguaztenetan, eta zaharberritze lanak egiten ematen dute lanaldi osoa. Hain zuzen ere, itsasontzira egindako bisitan, alkateak eta alkateordeak ikasleekin eta irakasleekin hitz egin zuten, egindako aurrerapenak ezagutu zituzten, eta esperientzia praktikoaren ikasleen prestakuntzan eta Bermeoko itsas ondarearen berreskuratzean nola languntzen duten egiaztatu zuten.
Hori horrela, alkateak eta alkateordeak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuten: “Pozgarria da ikustea ikasleen, irakasleen eta boluntarioen lan bateratuari esker proiektu bizi bihurtu dutela Ortube; gure gazteak hezten ditu, eta, era berean, gure itsas historiaren zati bat zaintzen eta bizirik mantentzen du”. Ortube ikaskuntza praktikoaren eta tokiko erakundeen arteko “lankidetzaren sinbolo” bihurtu dela azpimarratu zuten, gainera.
Ikaskuntza praktikoa.
Irakasleen eta proiektuko boluntarioen gidaritzapean, ikasleek ikasgelan jasotzen dituzten ezagutzak praktikara eroaten dituzte Ortube bezalako lan ingurune batean. Hala, itsasontziaren zaharberritze lanetan teknika espezifikoak hobetzeaz gain, erantzukizunaren, segurtasunaren eta laguntasunaren “garrantziaz” ere jabetzen dira. “Esperientzia honek aukera ematen die ikasleei gaitasun tekniko eta pertsonalak sendotzeko, eta, aldi berean, udalerriko ontzi historiko bati bizitza itzultzeko”, diote udal ordezkariek.
Gogoratu dute hitzarmenaren hirugarren urtea dela ikasturte honetakoa, eta “arrakastaz sendotu” dela hezkuntza esperientzia modura. Hala, ikasleen konpromisoa eta bilakaera nabarmendu dituzte, baita lankidetza honen “eragin positiboa” ere, “heziketa praktikoa eta itsas ondarearen zaintza uztartzen dituelako”.