Azaroaren 17ra arte aurkez daitezke argazkiak Muruetako argazki lehiaketan
Muruetako bazterretan fokua jarriko du aurten herriko argazki lehiaketak, eta aukeratutako 12 onenekin osatuko dute datorren urteko udal egutegia. Hala, herritarrei parte hartzeko deia zabaldu diete.
Muruetako bazterretan fokua jarriko du aurten herriko argazki lehiaketak, herriko txokoekin osatu gura baitute udal egutegia. Hala, argazki lehiaketako argazki onenek beteko dute udal egutegia, eta parte hartzeko deia egin du udalak, baina horiek bidaltzeko azken eguna azaroaren 17a (astelehena) izango da.
Edonork parte har dezake lehiaketan —adingabeak gurasoen edo tutorearen baimenagaz—, baina parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki bidali ahalko ditu, kultura.murueta@gmail.com helbide elektronikora. Hori bai, parte hartzaileek ezingo dute aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu batean argitaratutako argazkirik aurkeztu, ez paperean, ez Interneten argitaratutakoak. Gainera, argazkietan pertsonak identifika daitezkeenez, argazkien egileak horien onespena jaso beharko duela azpimarratu dute.
Epaimahaia hainbat pertsonek osatuko dute, eta horiek arduratuko dira egutegia antolatzeaz, lantzeaz eta argitaratzeaz. Hala, 12 argazki finalista aukeratuko dituzte, eta Muruetako 2026ko udal egutegia osatuko dute horiekin, argazki bakoitza hilabete natura batean kokatuz. Gainera, argazki irabazleek, egutegian agertzeaz gain, lehiaketarekin lotutako opari bat jasoko dute. Eta, horrez gain, jasotako argazki guztiekin erakusketa egingo dute, parte hartzaile guztientzako lutx batekin batera.
Muruetako Udalak jakinarazi du lehiaketara aurkeztutako argazkiak argitaratzeko eskubidea gordeko duela (ez esklusiboa), baita argazkiak askatasunez erakusteko eskubidea ere. Ez zaizkie hirugarrenei lagako, egileak edo parte hartzaileak baimena eman ezean, baina esan du parte hartzaileen erantzukizuna izango dela hirugarren pertsonek argazkien gaineko eskubiderik ez dutela egiaztatzea.