Proiektu eolikoaren kontrako 3.289 sinadura bildu ditu SOS Sollubek
SOS Sollube herri plataformakoek Sollube Ganeko proiektu eolikoa geldiaraztea eta "eredu energetikoa birplanteatzea" eskatu dute gaur, Bizkaiko Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzan.
Herri alegazioak aurkeztu dituzte gaur SOS Sollube herri plataformako kideek.SOS Sollube SOS Sollube herri plataformak 2023ko abenduan ekin zion bere ibilbideari, hain zuzen, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean Sollube Ganeko proiektu eolikoaren berri eman zenean. Geroztik parke eoliko bat egitearen arriskuez kontzientzia pizteko helburuagaz lanean aritu dira. Gaur, Bizkaiko Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzan izan dira, “epe oso laburrean” bildu dituzten proiektuaren aurkako 3.289 herri alegazioak eta hirigintza- eta ingurumen-eraginak baloratzeko alegazio teknikoak aurkezteko.
Plataformatik nabarmendu dutenez, aurkeztutako alegazio kopuruak agerian uzten du proiektuaren aurrean herritarrek duten kezka: “Alegazioek agerian uzten dute Grupo Arenak gure mendietn jarri nahi duen megaproiektuaren aurkako jarrera eta kezka. Kezkaz ikusten dugu 2023az geroztik Nafarroan bakarrik 51 proiektu izapidetu dituen enpresa barik Sollubeko baliabideak ustiatu nahi izatea”. Gainera, sortuko litzatekeen energia hori Zamudioko Parke Teknologikora bideratuko luketela gogoratu dute.
Proiektua sortzeko administrazio-prozesuaren “erabateko opakutasuna” salatu dute plataformakideek, Izan ere, industria proiektuen instalazioa arautzen duten lege eta araudiak urratu direla zehaztu dute: “Kezkatu egiten gaitu gaur egun, energiak eta bere ekoizpenak horrenbesteko garrantzia hartu duten testuinguru batean, hamarkadetan zehar planetaren zati handi bat pobretzen aritu den espoliazio-eredu bera errepikatzeak”. SOS Sollubekoen ustetan, “onartezina” da beharrizanaren izenpean lurrak suntsitzen eta pobretzen dituzten erauzketa-enpresei mesede egiten dien eredua erreproduzitzen jarraitzea: “Ez dugu ulertzen nola administrazioak beste alde batera begiratzen duen, proiektu horien ezarpena arautu behar duen araudia betetzen ez duen bitartean”.
Ulertezina deritze 195 metroko 6 aerosorgailuz eta 117 metroko dorre meteorologiko batez osatutako proiektu industrial bat izapidetzea, are gehiago Bermeoko, Meñakako eta Arrietako “landa-guneetatik 500 metro eskasera eta zenbait herritatik 2 kilometrora” baldin badago. Gehitu dutenez, gainera, 12,5 kilometroko linea elektrikoak Meñakan, Gamiz-Fikan, Arrietan eta Zamudion ere eragina izango duela gehitu dute: “Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aztarnategi arkeologikoak, fauna, flora, paisaia, biosfera-erreserbak eta abar kontserbatzeko planak ez betetzea, ezta erakunde horiek izatea proiektu hau izapidetzen ari direnak”.
Informazio eza. Herri plataformakoentzat “lotsagarria” da interes publikoko proiektuaz hitz egitea, auzo eta herri kaltetuenei horren berri eman ez zaienean, eta horien galdera eta kezkak jaso ez direnean: “Nola hitz egin daiteke iraultza berde eta ekologikoaz, kontuan hartzen diren interes bakarrak hemen inplikatutako enpresenak badira?”, galdetu dute. Horregatik guztiagatik, SOS Sollubetik Sollube Ganeko proiektu eolikoa geldiaraztea eta “Euskal Herrian zehar izapidetze prozesuan dauden 100 proiektu baino gehiago izatera eraman gaituen eredu energetikoa birplanteatzea” eskatzen dute.
Era berean, euskal udal eta erakundeei SOS Sollube zein lurralde osoan sortu diren bestelako erakundeekin inplikatzeko deia egin die: “Gure ustez, beraien baliabideekin eta gure sarearekin Sollubeko proiektua bezalako beste proiektu industrial eta espekulatiboei aurre egin ahal izateko fronte zabala sor daiteke”. Bitartean lurra, bertako baliabideak eta herritarrak defendatzeko konpromisoa berretsi dute plataformakoek, beharrak asetzeko “herritik sortzen diren ekimenak” defendatuko dituztela zehaztuz.