Kurtzeroko kiroldegia herritarrekin batera inauguratuko dute
Harrobi Dantza Bertikaleko kideek 'Geure(r)a' ikuskizuna eskainiko dute bihar [azaroak 8], 20:30ean.
Argazkia: Muxikako Udala Kurtzeron kiroldegi berria dute, dagoeneko erabilgarri dagoena, baina hori herritarrekin inauguratu gura dute, eta zapatuan (azaroak 8) jarri dute horretarako hitzordua, 20:30ean. Harrobi Dantza Bertikaleko kideak bertaratuko dira inauguraziora, Geure(r)a ikuskizunagaz, eta luntxa ere egongo dela aurreratu dute udal ordezkariek.
Herritarrekin inauguratu gura dute kirol ekipamendua, proiektua parte hartze prozesu baten ondorioa izan delako. Izan ere, udalak identifikatuta zituen beharrizanez gain, herritarrek beste eskaera edo beharrizanak zituzten jakiteko parte hartze prozesu bat abiatu zuen 2022an, eta, 200 herritarrek baino gehiagok erantzun zuten galdetegia. Eta erantzun horietako eskakizunik errepikatuenetako bat zen kirol ekintzetarako gune bat sortzearena: “Gehien errepikatzen zenetariko bat hori zen: azken finean, orain arte kultur etxea erabiltzen zen kirol ekintzetarako, eta ikusi genuen beharrezkoa zela leku apropos bat izatea horretarako. Gainera, kirol ikastaroak egiteko leku bat izateaz gain, jendeak fitness gela bat izatea eskatu zuen, makina ere bazituena”.
Ondorioz, poiektua sortzen eta garatzen hasi ziren, eta duela urte eta erdi abiatu zituzten obrak. Izan ere, Kurtzero kirol ekipamendurako leku aproposa zela iritzita, eta bertan udal jabetzakoa zen espazio bakarra aprobetxatuta, frontoiaren ondoan eraiki dute azpiegitura berria. “Kirolgune guztia bertan elkartzen da, baina, halabeharrez egin behar izan genuen bertan, Kurtzero inguruan ez daukagulako lursail publiko gehiagorik. Hala ere, ondo etorri zitzaigun, eskola, frontoia eta kiroldegia dena geratzen delako inguru berean”, diote.

Kurtzeroko frontoiaren inguruan kokatu dute kirol ekipamendua, ikastaroak egiteko espazio balioaniztuna eta fitness gela dituena. Horrez gain, aldagelak, dutxak eta komunak ere baditu instalazio berriak. Lehenengoa urriaren hasieran zabaldu zuten, eta fitness gela, berriz, hilabete erdialdean. Jendea “apurka-apurka” hasi da izena ematen, eta, dagoeneko, 70 herritar inguru dira kiroldegiko abonatuak; ikastaroetakoak gehiago dira, baina horietara joateko ez da kiroldegian abonatu beharko. “Ikastaroetakoek Zubieta Errotan izena eman eta aparte ordaintzen dira, izan ere, posiblea da ikastaroetara joatea fitness gelarik erabili barik”, azaldu dute udal arduradunek.
Proiektu “garrantzitsua” izan da ekipamendua udalarentzat, agintaldiko esanguratsuenetakoa. Izan ere, handia izan da egin duten inbertsioa. Proiektuak, guztira, 700.000 euro inguruko kostua izan du, baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du udalak, 300.000 eurokoa. Beraz, 400.000 euro inguruko kostua suposatu dio udalari.
Eta, orokorrean, “jendea pozik” dagoela adierazi dute, eta urtarrilera bitartean jendea izena ematen joatea aurreikusi dute. Hala ere, herritar guztiekin inauguratu gura dute instalazioa, horietako askok euren egunerokotasunean zerbitzu berri hori erabiliko ez duten arren, horiek ere egindakoa ezagutzeko.

Kiroldegian abonatzen direnek, aldiz, astelehenetik domekara bitartean 06:00etatik 23:00etara bitartean erabili ahalko dute fitness gela, eta astelehenetik barikura arteko monitore zerbitzuaz gozatu ahalko dute, batzuetan goizez eta besteetan arratsaldez. Gela hori gehienez 10 pertsonak erabili ahalko dute momentu berean, eta horretarako AYMO aplikazioaren bitartez izena eman beharko dute, 25 euroko kostuarekin erroldatuentzat eta 50eko kostarekin ez erroldatuentzat. Hala ere, langabetu eta ikasleek %50eko deskontua daukate. Izena eman eta ordainketa eginda, txartela Zubieta Errotan jaso beharko da.
Gainera, frontoiaren erabilerari buruzko datuak ere eskaini dituzte. Izan ere, frontoia aplikazio bera erabilita ere erreserbatu ahalko da, 5 eurotan. Horrekin frontoia erreserbatutako ordu horretan erabiltzea ziurtatzen da, baina erreserbarik barik ere erabili daiteke, bertan inor ez badago.
Bigarren fasea.
Egindako lanaz gain, eremu horretan hobekuntzak egiten segitzeko asmoa du udalak. Izan ere, datorren urtean frontoian ere frontoi ingurua atontzea dute helburu, baita frontoian bertan harmailak jartzea ere, publikoa eseri ahal izateko. Gainera, frontoia margotzea, eta kanpoaldeko alde batean rokodromo txiki bat egitea ere aurreikusi dute. “Kiroldegia egiten ari ginenean, gainera, frontoian konponketa batzuk egiteko aprobetxatu genuen, baita sarea instalatzeko ere, zesta-puntara eta pala jolastu ahal izateko”, diote. Hala, sarea jarri nahi izanez gero, sarearen kutxako giltz Zubieta Errotan eskatu beharko da, eta amaitzerakoan ere bertan entregatu.