Gautegiz Arteagako alkatearen aurkako pintadak gaitzetsi ditu udalak
Argazkia: EAJ. Gautegiz Arteagako Udalbatza osatzen duten alderdi politikoek “argiki eta publikoki” gaitzetsi dituzte herriko alkatearen eta bere alderdi politikoaren aurka herrian zehar agertu diren pintadak, “adierazpen iraingarriak” direla gaineratuz. “Horrelako ekintzak erakunde demokratikoekiko eta horiek ordezkatzen dituztenekiko errespetu falta dira, eta, gainera, espazio publikoa eta herritarren bizikidetza hondatzen dituzte”, adierazi dute.
Gauzak horrela, Gautegiz Arteagako Udalak “errespetuaren, tolerantziaren eta elkarrizketaren balioekiko konpromisoa” berretsi du, “iritziak eta desadostasunak adierazteko bide legitimo bakar gisa”. Horrez gain, bizikidetzaren eta udalerriaren izen onaren aurka egiten duen “edozein gorroto, mehatxu edo bandalismo-adierazpen” arbuiatzen ditu.
Halaber, EAJ eta EH Bildu alderdikideek elkartasuna eta babesa helarazi nahi diote alkateari, eta egunero zerbitzu publikotik guztion onerako lan egiten duten pertsona guztiei.