San Martin jaiak: tradizioa bizirik mantentzeko egunak
Belaunaldiz belaunaldi ospatu izan den jaiegunak tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu, eta herritarrak zein bisitariak batzen ditu baserriko produktuen, artisautzaren eta kulturaren bueltan. Bermeon, Foruan eta Kanalan horren testigu izango dira bihartik aurrera.
Etxeko produktuak, animali erakusketak eta tokiko musika giroa. Azaroak horiek guztiak ekarri ohi ditu, ze, San Martin jaietan murgiltzeko aukera zabaltzen du, urtez urte. Belaunaldiz belaunaldi ospatu izan den jaiegunak tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu, eta herritarrak zein bisitariak batzen ditu baserriko produktuen, artisautzaren eta kulturaren bueltan. Hala, Busturialdeko zenbait herri horretarako prestatuko dira datozen egunetan.
Bermeo, Forua eta Kanala azoka eta tradizioaren nahasketaren erakusle izango dira, beraz. Asteburu honetan Foruak hartuko du testigua, hasteko. Herriko zaindaria dute San Martin, alegia, eta bihar [azaroak 7] hasita, hiru eguneko egitaraua prestatu dute herritarren gozamenerako. Tradizioari segika antolatu dute egitaraua, Sustabiz fundazioaren biharko herri kirol parte hartzaileak eta erakustaldia nabarmenduz. Aurten, gainera, Foruko Sokatira taldeak ere eskainiko ditu herri kirolak.
Saio horrez gain, egunotan txapelketa ugari izango dituzte aukeran: igel, briska, mus eta tute txapelketak, hain zuzen. Baina, domeka izango da egun handia: Nekazal Azokan ortuariak, artisauak eta beste hainbat produktu probatzeko eta erosteko aukera egongo da. Txakolina, gazta, esnekiak, kontserbak, eztia, zeramika, bitxigintza, zurgintza, ogia… egongo dira aukeran, halaber. Urdaibai Dantza Taldeko dantzarien erakustaldiak girotuko du domekako egonaldia, amaitzeko.
Bermeotarrak ere azoka-giroan bilduko dira, domekan. Andeko tabernak eta Bermeoko Apurtuarte Sokatira Klubak antolatu dute, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. 11:00etan zabalduko dituzte San Martin azokako postuak, eta XXII. Odoloste txapelketa eta txerriki azoka ere izango da, goizean zehar.
Datorren asteburua.
Jaiak, aldiz, hurrengo asteburuan ospatuko dituzte, ze, iaz berreskuratu zituzten San Martin auzoko jaiak, eta “geratzeko heldu zirela” nabarmendu dute San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturaleko (SMB) kideek. Horri tiraka, “askotariko egitaraua” prestatu dute: “Adin guztietako jendearentzako ekintzak aurreikusi ditugu, edonor hurbildu dadin”.
Kirola, kontzertuak, baina batez ere, jai giroa nagusituko da, beraz, Bermeoko San Martin auzoan. Hainbat berritasunez, zein tradizioz jantziko dira datorren bariku, zapatu eta domeka, alegia. San Marton lasterketa azpimarratu dute antolatzaileek, baina esan dute egitarauko ekintza guztiak “mereziko” dutela, eta herritarrak eta ingurukoak gonbidatu dituzte horietan parte hartzera.
San Martin eguna martitzenean ospatuko da, azaroaren 11an. Zelan ez, hamaika hitzordu zehaztu dituzte horren baitan. Hala nola, Foruan eta Kanalan mezetan elkartuko dira, eta mokadua ere izango dute ostean, egunaz gozatzeko.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI:
BERMEO
Domeka.
11:00. San Martin azoka.
Eguerdian. XXII. Odoloste txapelketa eta txerriki azoka.
Azaroak 14, barikua.
17:30. Umeentzako txokolatea eta bizkotxoak txosnan.
17:30etik aurrera. Buruhandiak txosna inguruan eta piñata.
18:00. Maguren eskutik musika txosnan.
19:00. Txupinazoa eta argazki erakusketaren aurkezpena.
19:30-21:00. Salsa ekitaldia Dantzaz Blai taldearen eskutik.
20:00. Kanta Kanta Loruen kalejira.
21:00-00:00. Argitu erromeria.
Ondoren. Kinky Nylonen kontzertua.
Azaroak 15, zapatua.
Goizean zehar. Taloa salgai txosna ondoan.
10:30. San Marton lasterketa solidarioko dortsalak salgai.
11:00. San Marton lasterketa solidarioa.
12:00-13:00. Mariachi Dominguez.
13:00. Arrekatxutxa taldearekin triki-poteoa.
17:00-18:00. Sci Vi Fit Entrenamendu Funtzionalaren eskutik, erakustaldia.
17:00etatik aurrera. Umeentzako tailerrak eta jolasak 3 guneetan.
18:00-21:00. Orkestra Elektrotuna.
20:30. Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida ikusgai, txosnan.
21:30-23:30. Radio Guerrillaren kontzertua.
Ondoren. DJ Jaikide.
Azaroak 16, domeka.
10:00. Txosna ireki.
10:00-13:00. Eskubaloia kalean, Urdaibai Eskubaloi Taldearen eskutik.
11:00-13:00. Herri kirolak, txosnan.
13:00-14:00. Alabatxi Aurrera taldearen eskutik musika saioa.
12:30. Umeentzako MTB lasterketarako dortsalen banaketa.
13:00-15:00. Orkatzeta elkartearen eskutik umeentzako MTB lasterketa.
14:00-15:00. Mahai-ingurua: ‘San Martin lehen eta orain; auzoko bizipenak’.
Ondoren. Zozketak, herriko hainbat komentzioren kolaborazioagaz.
Gero. Jai amaiera, bertsoekin.
FORUA
Bihar.
17:30. XXXVI. Briska txapelketarako izen ematea.
18:00. XXXVI. Briska txapelketa.
Etzi.
10:00. Futbol partidua: Ezkonduak-ezkongabeak.
11:00. Umeentzako Herri Kirolak.
12:30. Herri kirol erakustaldia.
13:30. Igel txapelketa, batzokian.
17:30. XXIX. Mus txapeletarako izen ematea.
18:00. XXIX. Mus txapelketa.
Azaroak 6, domeka.
11:00. XXIII. Nekazal azoka.
12:30. Meza ospakizuna.
Ostean. Urdaibai Dantza Taldearen emanaldia.
17:30. XXXVI. Tute txapelketarako izen ematea.
18:00. XXXVI. Tute txapelketa.
Azaroak 11, martitzena.
12:00. Meza nagusia.
KANALA
Azaroak 11, martitzena.
Goizean. Meza.
Gero. Hamaiketakoa.