Andoni Saenz de Buruaga arkeologoa omenduko dute 27. Arkeologia Jardunaldietan
Euskal historiaurrea aztertzen eta Saharar Herriaren bilakaera kulturala ezagutzen Saenz de Buruagak egindako lana aitortzeaz gain, Agiri Arkeologia Elkartearen 40. urteurrena gogoratuko dute 27. Arkeologia Jardunaldiek astelehenetik zapatura bitartean.
Argazkia: Agiri arkeologia taldea Astelehenetik zapatura bitartean egingo dituzte Agiri Arkeologia Elkarteak antolatzen dituen Urdaibaiko Arkeologia jardunaldiak. Bi urtean behin prestatzen dituzte, eta aurtengo 27. ekitaldian, Andoni Saenz de Buruaga arkeologoa omenduko dute, euskal historiaurrea aztertzen eta Saharar Herriaren bilakaera kulturala ezagutzen egindako lanagatik. Era berean, jardunaldiak Agiri Arkeologia Elkartearen 40. urteurrena gogoratuko du.
Hiru hitzaldi, dokumental bat eta bisita gidatua prestatu dituzte aurtengorako, egitarau anitzarekin. “Jardunaldiak lehenengoz 1985ean eta 1986an egin genituen, eta lehenengo hitzaldia urtarrilaren 1ean aurkeztu genuen. Hasieran pixkanaka hasi ginen, eta hurrengoa 1989an edo egin genuen, bestea 1992an, eta 1994tik aurrera hasi ginen urtero antolatzen”, gogoratu du Juan Carlos Quintana antolatzaileak. Hala ere, 2014an bi urterik behineko epeagaz antolatzeari ekin zioten, eta beti bertaratzen dela “oso fidela” den publikoa azpimarratu dute. Lehen, jardunaldietan hitzaldiak bakarrik egiten zituzten, baina, “astuna” izan zitekeela iritzita, orain denetarik antolatzen dute. “Publikoa bertaratzen da, asistentzia ona izaten dugu, jendea interesatu egiten da, eta uste dut horrela jarraitu behar dugula, ikerketa arkeologikoen berri ematen”, uste du Quintanak.
Urte batzuetan, jardunaldiak “hari gidari bat” jarraituz edo “gai monografiko bati” helduta antolatu dituzte, baina, aurten ez dute horrelakorik egin. Hala ere, bi helburu lotzen ahalegindu dira: batetik, Saenz de Buruagari omenaldia egitea; eta, bestetik, omenaldi hori Agiriren 40. urteurrenagaz lotzea. “Horretarako, oso bereziak diren hiru hitzaldi” prestatu dituzte. Hain zuzen ere, hitzaldiak eskainiko dituzten arkeologo horien maila eta horiek egindako ikerketak “lehen mailakoak” direla azpimarratu du Quintanak.
Lehen hizlaria Selina Delgado Raack izango da, gernikarra, nazioartean oihartzuna duen ikertzailea. Agirin eman zituen lehen pausoak, eta orain historiaurrea ikertzeko makroerabilerari bidezko saioa eskaintzera gerturatuko da udalerrira. “Historiaurrean badira tamaina handiko harriak, adibidez zereala ehotzeko erabiltzen ziren eskuko errotak, edota minerala birrintzeko erabiltzen ziren harriak. Eta Selinak azterlan asko egin ditu horiei buruz. Azterlan asko egin ditu harri horiei buruz, eta bere lanak zertan datzan eta material horietatik ze datu mota lor daitezkeen azalduko du, batez ere gizarte antolamenduari erreferentzia egiten diotenak”, azaldu du antolatzaileak.
Iñigo Olalde izango da Arkeologia Jardunaldietara bertaratuko den bigarren aditua. “Lehen mailako” ikertzailea da bera ere, nazioartean lan asko egin dituena, eta orain EHUn lanean ari dena. Historiaurreko biztanleriaren mugimenduak aztertzen ditu hainbat herrialdetan, eta horiek utzi dituzten aztarnei buruzko ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditu martitzenean, “arkeologiarako iraultzaileak” izan direnak. Zehazki, genetikari buruz asko hitz egingo duela ere gehitu Quintanak, batez ere hilobietan genetikoki bereziak edo bestelako profilak dituzten pertsonen genetikari buruzkoak. “Hitzaldi interesgarria izango da”, dio.
Eguaztenean, berriz, Alvaro Arrizabalagak Jose Migel Barandiarani buruzko saioa eskainiko du, haren exilioko garaiko gaiak jorratuz. “Barandiaranen garai ezezagun horri buruzko datuak eskainiko ditu, erbestean egindako urteei buruzko datuak ematen. Ze, ikertzailea, etnografoa, arkeologia, historialaria erbestera joan behar izan zen 36ko gerraren ondorioz”, azaldu du Quintanak.
Eta, eguenean, jardunaldi hauetako ekintzarik “hunkigarriena” izango da: “Saenz de Buruaga EHUko ikertzailea da, historiaurrearen arlokoa, duela urte batzuk erretiroa hartu zuena, historiaurreko bertoko ikertzaile handienetako bat. Euskal historiaurrea irakatsi eta landu zuen 2004. urtera arte, eta hortik aurrera, unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak lizentzia bat eman zioten saharar herriari buruzko ikerketak aurrera eroateko”. 2005etik 2020ra bitartean aritu zen lan horretan, eta Quintanak azpimarratu du ikerketa lanean ez ezik, elkartasun eta lankidetza proiektua aurrera eroan zuela. “Hau da, saharrarak proiektuan inplikatu zituen eta beste batzuk laguntzaile bezala ere hezi zituen”, gehitu du.
Saenz de Buruak saharar herriko datuak eta informazioa jaso zituen, bertako aztarnategien kontserbazioan lagundu zuen eta ondarearen katalogazioa ere aurrera eroan zuen. “Saharako herria bere ondaretik errebindikatzen saiatu zen, guzti hori testuinguru politikoaren barruan”, adierazi du.
“Ondorioz, Andoniri omenaldia egingo diogu, gure maisu handia eta lagun handia izan delako. Agirirekin lan egin zuen 1997an, Urdaibaiko proiektu bat zuzentzen, eta guk guztiok parte hartu genuen. Harrezkero, Saharako proiektuetan parte hartu dugu guk ere. Hala, idatzi batzuk eskainiko dizkiogu eta gero sorpresa bat ere izango dugu berarentzat”, kontatu du Quintanak.
Eta, azken urteetan legez, jardunaldiak irteera batekin biribilduko dituzte, Oizera joanda. Agirikoak lau urtez aritu dira bertan lanean, 2021etik 2024ra bitartean, eta euren lana ezagutarazteko ibilbidea egingo dute. Izan ere, bertan trikuharriak seinaleztatu dituzte, baita interpretazio panelak jarri ere.
Zabalkundea.
Jardunaldiek balioko dute bai azterlanei buruzko informazioa emateko, bai arkeologoen lana ikusarazteko. “Arkeologoen lana beti egon da itzalpean, ezkutuan. Baina Agirikook beti pentsatu izan dugu zabaldu egin behar dela egiten dugun lana, ikusarazi egin ebahr dela, eta Urdaibain urte asko daramatzagu horretan. Gure lana publikoa denez, uste dut emaitzak jendeari erakutsi egin behar zaizkiola”, arrazoitu du Quintanak.
Azpimarratu du jardunaldietara etorriko diren ikertzaileak “lehen mailakoak” direla, eta gerturatzeko mezua zabaldu diete herritarrei: “Jardunaldi hauek oso hizlari onak dira, lehen mailakoak. Aurtengo jardunaldiak bereziki garrantzitsuak dira guretzat, lagun handi bat eta arkeologo bat omentzen dugulako. Gainera, Agirik 40 urte bete ditu, eta gure azken proiektua ere aurkeztuko dugu”.
EGITARAUA
Astelehena, azaroak 10
18:30. Harri eta esku artean: historiaurrea makroerabileraren bidez esploratuz izeneko hitzaldia, Selina Delgado Raack ikerlariagaz, kultur etxeko aretoan.
Martitzena, azaroak 11
18:30. Arkeogenetikaren iraultza: historiaurreko gizarte-antolamenduari buruzko ebidentzia berriak saioa, Iñigo Olaldegaz, kultur etxeko aretoan.
Eguaztena, azaroak 12
18:30. Alvaro Arrizabalagak gidatuta, Jose Migel Barandiaran: erbesteko urteak hitzaldia, kultur etxeko aretoan.
Eguena, azaroak 13
18:30. Andoni Saenz de Buruagari buruzko dokumentalaren proiekzioa: Kultur Ondarea eta Mendebaldeko Sahara: ikerketa eta elkartasuna.
Zapatua, azaroak 15
09:30. Agiri Arkeologia Elkarteagaz, irteera Oizera.