Pertsonengandik "gertu" dagoen zirku soziala Gernikara ailegatuko da
Domekan [azaroak 9], 11:00etan hasita egun osoko egitaraua izango dute Gernika-Lumon: Zirku tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, zurezko jolasak, zirku erakustaldia... Topaketak behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea bilatzen du.
Zirku inklusiboak geldialdia egingo du, berriro ere, Gernika-Lumon: Hazitoki topaketak bosgarrenez beteko du Merkatu plaza domekan (azaroak 9), 11:00etatik aurrera. Eta, goizez zein arratsaldez, hamaika jarduera egingo dituzte bertan.
Zirkua praktikatzen duten eta behar bereziak dituzten pertsonek zirku eskolan egiten duten lana ikusarazteko jaio zen topaketa berrikuntzekin dator aurten: Bizkai, Arabako eta Gipuzkoako zirku eskolek erakustaldi bat egingo dute. Ondorioz, gizarte osoa interpelatuz, ahalik eta topaketa “pluralena eta abegikorrena” osatu gura dute.
Horregatik, ez dira faltako pertsonak arte eszenikoetan integratzeko familia osoarentzako askotariko jarduerak, behar bereziak dituztenentzat zein ez dituztenentzat, Hazitokiren ispiritua kalera eramateko asmoz: “Zirku inklusiboaren jardunaldia mundu guztiak zirkuan eta tailer zein jardueretan parte har dezan eta goza dezan dago antolatuta, eta erabat irekia da”.
Hala, 11:00etatik 19:00etara bitartean, zirku inkusiboa tailerra, aurpegi margoketa, globoflexia, eskulanak, egurrezko jolasak, tailer sensorialak… egongo dira aukeran. Merkatu plazako jarduera guztiak doakoak dira, publiko guztiarentzat dira, eta monitore espezializatuak egongo dira bertan, laguntzeko.
Eta, aurten, duela bi urte abian jarritako Lizeo Antzokiko ikuskizunagaz jarraituko dute. Izan ere, Tavole ikuskizuna eskainiko dute bertan, eta horretara joateko sarrerak Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan edo antzokian bertan erosi ahalko dira.
Gainera, Hazitoki Galaren aurretik, ordu erdi lehenago (17:00), zirku kalejira egingo dute, azken ikuskizunera herritarrak bertaratzeko helburuz. Eta behin ikuskizuna amaituta, txokolate janean bilduko dira bertaratzen direnak.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, topaketak helburu bikoitza izaten segitzen du: behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea, “pertsona guztiak benetan gizarteratzen lagunduz”; eta, bestetik, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den zirku inklusiboaren proiektuarentzako dirua ateratzea, monitoreen espezializatuak kontratatzeko eta egokitutako materiala erosteko . Beraz, ekarpen ekonomikoak biltzeko Merkatu plazan zenbait gune izango dira.
EGITARAUA
11:00. Zirku tailer inklusiboa, Merkatu plazan.
11:00. Eskulanak, Merkatu plazan.
11:00. Aurpegi margoketa, Merkatu plazan.
11:00. Globoflexia, Merkatu plazan.
11:00. Xaboi ponpak, Merkatu plazan.
13:00. Tavole Zirko ikuskizuna, Lizeo Antzokian.
15:30. Zure Esku egurrezko jolasak.
17:00. Kalejira.
17:30. Zirkuko gala.
18:30. Bingo musikatua.
19:39. Txokolate jana.
Hazitoki programa
Zirkugintza Kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirko eskolak zirkuaren bidezko gizarteratze proiektu bat sustatzeko asmoz sortu zuten Hazitoki proiektua, eta gaur egun Hazitoki Pertsonak Arte Eszenikoetan Integratzeko Elkarteak koordinatzen eta kudeatzen du, “pertsona guztiak, haien gaitasun fisikoa edo intelektuala edozein dela ere, zirkuan eta arte eszenikoetan benetan integratzea eta inklusioa lortzeko helburuagaz”.
Gaur egun, proiektu hori Txitatoki Urdaibai zirko eskolan gauzatzen da, non zirkua tresna sozial gisa erabiliz ikasleen arteko harremenak “modu normalizatuan sustatzen” dituzten, “era guztietako pertsonen arteko harreman maila desberdinak sortuz”.