Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketa, abian
Azaroaren 20ra arteko epea edukiko dute hala gazteen, nola nagusien lehiaketetako parte hartzaileek.
Muxikarrak argazki kamerak kaleratzen hasiak daude. Izan ere, martxan da Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketa, 2026ko egutegiko argazkiak zehaztuko dituena, eta parte hartzaileek azaroaren 20ra bitarteko epea dute, beren proposamenak aurkezteko. Txapelketaren gaia Gure herriko ondarea izango da. Antolatzaileek aditzera eman dutenaren arabera, ondare horren denetariko adarrak izan ahalko dira argazkien muina, batik bat, ondare arkitektonikoa, historikoa edota kulturala. Lehiaketak adar bi edukiko ditu: alde batetik, gaztetxoena, 16 urteko adinera bitartekoena; bestetik, nagusiena, 16 urteko adinetik gorakoena.
Parte hartzaile bakoitzak sei argazki proposamen aurkeztu ahalko ditu, eta edozein teknika zein kolore onartuko dituzte. Hori bai, “ahalik eta kalitate handiena” edukitzea eta JPG formatudunak izatea eskatu du antolakuntzak. Hautatutako argazkien egileen izen-abizenak egutegian agertuko direla aurreratu dute, eta aurkezturiko denekin erakusketa egingo dutela, Zubieta Errota liburutegian. Horrez gain, argazkiak Muxikako Udalaren argazki artxiboaren “parte izatera” igaroko dira. Ez hori bakarrik: lehikaetara aurkeztutako argazki oro “udalaren jabetzapekoa” izatera igaroko dela aurreratu dute, eta udalak haien gaineko erabilera eskumen guztiak izango dituela ere bai, betiere egilearen izen-abizenak aipatuz.
Proposamenak aurkezteko bideari dagokionez, prozedura bi egongo dira: Zubieta Errotan bertan aurkeztea, USB euskarrian, edota liburutegia@muxikakoudala.eus posta elektronikora bidaltzea. Halaber, argazkiak aurkezteagaz batera egilearen izen-abizenak nahiz hartu-emanetarako datuak aurkeztu beharko dira, baita argazkiak non eta noiz egindakoak diren zehaztu ere.
Sariketa.
Sariak jasoko dituzte bai gaztetxoen, bai nagusien argazki lehiaketetako garaileek. Hori bai, iragarri dute parte hartzaile bakoitzak “ezin izango duela” sari bat baino gehiago jaso. Nagusien lehiaketan, lehiaketako argazkirik onena sarituko dute, bildumarik onenagaz eta muxikarren argazkirik onenagaz batera. Saridun bakoitzak lagun birentzako bazkari txartela jasoko du, Remenetxe jatetxerako. Gaztetxoen artean, gazteen argazkirik onenak jasoko du saria, eta sari hori, hain zuzen ere, “argazkilaritza materiala erosteko” 100 euroko txartela izango da.