LABek dio udal langileen "egiturazko arazoek" duela urte eta erdiko egoera berean segitzen dutela
Gernika-Lumoko Udalean negoziazio mahairik gabe segitzen dutela salatu du LABek. Ondorioz, borroka eta mobilizazioak aktibatuko dituztela jakinarazi dute, "barruan bizi duten egoera kalean ere ezagutzeko".
Gernika-Lumoko udal langileek udaletxeko langileen barne funtzionamendua “gero eta okerragoa” zela salatu eta hori konpontzeko eskatu zuten duela urte eta erdi, eta “egoerak ez duela hobera egin” adierazi dute orain LABeko kideek. Hain zuzen ere, salatu dute udalak “ez duela pausorik eman” mahai gainean zeuden “egiturazko arazoei” irtenbidea bilatzeko: “Joan den ikasturteko eskaerak mahai gainean daude, ez dugu Negoziazio Mahairako deialdirik, eta bilera eskaerek ere ez dute fruiturik eman”.
Urte hasieran, baina, norabidea bestelakoa izan zitekeela zirudien. Izan ere, sindikatuak jakinarazi duenez, bi negoziazio mahai egin zituzten. “Baina martxotik ez gaituzte bilera bakar batera ere deitu. Ikasturte hasieran egindako bilera eskaerak erantzun barik jarraitzen du, baita azken asteetan egin ditugun 10 idatzizko galderek ere: langileria zinegotziaren erantzunik ez dugu jaso”, gehitu dute.
Hori dela eta, “utzikeriaz jokatzen” jarraitzen dutela iritzita, borroka eta mobilizazioak aktibatuko dituztela jakinarazi dute LABekoek. “Urteak daramatzagu udalean eta erakunde autonomoetan blokeo egoera pairatzen eta pazientzia agortu zaigu”, diote. Eta, ondorioz, hurrengo asteetarako ekintza sindikala aktibatuko dutela esan dute, “barruan bizi duten egoera kalean ere ezagutzeko”.
Aldarrikapenak.
Langileen aldarrikapenak duela urtebete eta erdikoak dira, eta orduan adierazitakoak berretsi dituzte. Hau da, 2019ko Lanpostuen Balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea eskatu diote udalari berriro, baita udalerako plan integral bat negoziatzea eta ezartzea ere, epe eta neurri zehatzekin, “2020ko txostenean jasotako arazo estrukturalei irtenbidea emateko”.
Horrez gain, gaixo baimenean daudenen postuak zein hutsik daudenak betetzeko eskatu dute. Gainera, “beharrezkotzat” jo dute giza baliabideen plan bat osatzea, “erretiroak planifikatu eta belaunaldi erreleborako formulak negoziatzeko”.
LAB sindikatutik argi adierazi dute: “Nahikoa da. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituen udal bat behar dugu, XXI. mendera egokituta, herritarrak eta langileak entzungo dituena, negoziazio markoak eta sindikatuen lana errespetatuko dituena eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena”.