Herriari bizitasuna emateko asmoz dator Errigoitiko Kultur Kluba
Antzinako Errigoitiko kultur-ohitura oparoa berreskuratzeko asmoz, adin guztietako jendearen gozamenerako ari dira kontzertu edo ekimenak antolatzen.
Errigoitiko Kultur Klubeko partaideetako batzuk.E.K.K. Errigoitin kultura bultzazen duen talde bat izateak duen garrantziari tiraka sortu zen Errigoitiko Kultur Kluba. Orain dela lauzpabozt urte hasi ziren kontzertuak antolatzen Errigoitin bizi diren pare bat lagun, aditzera eman dutenez. Duela bi urtetik, ordea, talde edo klub modura funtzionatzen dute kultur-klubeko kideek. Esan dutenez, 9-10 pertsonak osatzen dute kluba gaur gaurkoz, eta guztien “gogo eta borondatea” nabarmendu dute.
Begirada atzera bota, eta Errigoitiko herriaren historiara egin dute salto kultur-klubeko kideek, ze, azaldu dutenez duela 30-40 urte “kontzertu ugari” antolatzen ziren herrian: “Euskal Herriko talde potenteenak pasatu dira herritik; antzina, talde asko etortzen ziren Errigoitira kontzertuak eskaintzera”. Antzinako ohitura hori berreskuratzeko asmoz hasi ziren gitxi-gitxika berriz ere jardun hori egiten. “Lehen beste kultur talde bat zegoen, eta hortik gelditu ginenak jarraitu izan dugu, talde berri hau sortu zen arte. Jendea gogotsu zegoen herrian, eta hortaz baliatu ginen”, zehaztu dute.
Gainera, argi dute: “Edo guk egiten dugu, edo herrian ez dago ezer”. Hori aldatzea xede, herrira etorri berri diren taldetxo bat bildu eta herri txikietako kultura berpiztearen aldeko pausoak ematen dihardute geroztik. Orain arte “gehienbat kontzertuak” antolatu badituzte ere, adin guztietako jendearentzako kultur egintzak antolatzea dute jomuga. Hala nola, dagoeneko liburuen aurkezpenak, antzerkiak, edo zinekluba bezalakoak dituztela apuntatuta, etorkizun hurbil baterako, besteak beste.
“Herrian bizitzeko, herrian gauzak egon eta egin behar dira” esanez, Errigoitiri bizitasuna eman nahi dio taldeak. Gaur egunera arte “autogestio bidez” antolatu diren arren, esan dute udalak hurrengo urtera begira “diruz laguntzea” aurreikusten duela esan diotela. Bide batez, Errigoitiko Ikuilu Txokoari “oso eskertuta” agertu dira kultur-klubeko kideak: “Infraestruktura, espazio eta euren esku dagoen guztia gure esku jarri izan dute beti, inongo arazorik gabe”.
Azaroan, hitzordua
Mikosis, Apokhalipsis, eta beste hainbat talde pasatu dira dagoeneko Ikuilutik EKK-k antolatuta, baina aurreratu dute bi hilabeterik behin, hilabeteko lehenengo barikuetan izango direla hurrengo kontzertuak, abenduan hasita. Horrez gain, beste hainbat hitzordu ere baituzte pentsatuta, eta esan dute, horiek sare sozialen bidez (@errigoitikokulturkluba) jakinaraziko eta zabalduko dituztela, hitzorduak heldu bezain laster. Azaroan, esaterako, Viñetas Para El Recuerdo liburuaren aurkezpena antolatu dute, azaroaren 27an (eguena). Horretan, Aline Soberon eta Txema Uriartek 1932ko otsaileko hauteskundeetatik 1937ko ekainean hiribildua erori arte Bilboko egunkarietan argitaratutako bineta eta marrazkiak aztertuko dituzte.