Ostalaritza establezimenduetako terrazen kudeaketa azkartzeko proposamena egin du EAJk
Ostalaritzako enpresariek egin behar dituzten terrazekin lotutako izapideak bizkortu eta erraztu daitezela eskatu zuen EAJ Bermeok iragan eguenako [urriak 30] osoko bilkuran. Udal gobernua ados agertu zen, eta adierazi zuten urte amaierarako itxita izatea espero dutela.
Iragan eguenako [urriak 30] osoko bilkuran, besteak beste, EAJ Bermeok terrazak instalatzeko edo handitzeko eskaerak errazteko helburuagaz lotutako proposamen bat aurkeztu zuen. Hala, jeltzaleek “Bermeo ostalaritza-giro biziko udalerria dela” nabarmendu, eta hori zaintzen jarrraitzearen alde egin zuen eguenan. Horregatik, ostalaritzako enpresariek egin behar dituzten terrazekin lotutako izapideak “bizkortu eta erraztu daitezela” eskatu du.
Kepa Zumeta EAJko zinegotziak COVIDaren ondoren herriak pairatzen duen egoera gogorarazi zuen, halaber: “Bermeo ostalaritza-eskaintza zabala izan duen udalerria izan da, eta da, baina COVIDaren ondoren kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta guztiok nahiago dugu gure kaleetan gozatu. Testuinguru horretan, gero eta establezimendu gehiagok eskatzen dute beren bezeroentzako kanpo-espazio bat izatea, modu iraunkorrean zein noizbehinka”.
Horren aurrean, alderdi jeltzaleak dokumentu-eredu bat sortzearen proposamena egin zuen, aipatutako establezimenduen arduradunek terrazak “egun jakinetarako instalatzeko, edo ordutegia zabaltzeko eskaerak egiteko” aukera izan dezaten, gaur egungo epeak laburtuz.
Horrez gain, EAJk aurreratu du udal gobernua ordenantza berrian lanean ari dela dagoeneko, baina azaldu du hobekuntza batzuk egiteko “ez dela beharrezkoa ordenantza aldatzea”. “EAJ Bermeotik proposatzen duguna da, ordenantza fiskaletan urteko prezioa bakarrik finkatuta dagoenekez, eguneko prezioa ezartzea, ordenantza fiskalean dagokion aldaketa eginez”, zehaztu dute. Izapideak erraztea dute jeltzaleek helburutzat proposamen horrekin, eta azpimarratu dute “ostalarien, bezeroen eta oinezkoen arteko bizikidetza bermatzeko proposamena” dela, “bereziki jai egunetarako”.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “ados” agertu zen EAJren proposamenagaz, hurrenez hurren. “Gu ere gogotsu gaude hori lortzeko. Gure asmoa aurten hori itxita izatea da, horren alde gabiltza-eta lanean”, adierazi du, beregain, Nemehk.