Lurgaiak Mendatan ekingo dio 2025-2026 landaketa aldiari
Lurgaia Fundazioak zapatuan [azaroak 8] egingo du 2025-2026 aldiko lehen baso landaketa. Mendatako Berrekondo ibarrean ariko dira beharrean.
Lurgaia Fundazioak 2025-2026 denboraldiko estreinako baso landaketa Busturialdean egingo du, asteburu honetan. Hain zuzen ere, Mendatako lurretara joko dute datorren zapatuan [azaroak 8], Berrekondo errekaren ibarrera. Berrekondo inguruak pinuen laborantza intentsiborako baliatu izan dira, eta orain bertan baso autoktonoa sortzea edo lehengoratzea izango da landaketen helburu nagusia.
Eguena [azaroak 6] bitarteko epea dago izena emateko, Lurgaiaren web orrialdera jota zein info@lurgaia.org posta elektronikora idatzita; izena ema ostean, baieztapenari itxaron beharko diote interesdunek. Izena ematerakoan, landaketan parte hartuko duten guztien izen-abizenak eta jatorrizko udalerria ipini beharko dira, baita hartu-emanetarako telefono zenbaki bat apuntatu ere.
09:00retan ipini dute zapaturako hitzordua, Muxikako Ariatzan, 1845 autobus geltokiaren aldameneko aparkaleku gunean. Bertatik ekingo diote landaketa eremurako bideari, lantaldea auto “gutxi batzuetan” banatuta. Landatzaileek aurreratu dutenaren arabera, Berrekondoko saila “lantzeko erraza” da, aldapa gutxiko esparrua delako. Hori “aprobetxatzeko” asmoa dute: “Ea egun horretarako prestatutako 500 zuhaitzen landaketa gainditzen dugun”. Amaieran, tortilla pintxoen janaz gozatuko dute parte hartzaileek.
Eroan beharrekoak.
Landaketan parte hartuko dutenentzako zenbait gomendio zerrendatu gura izan dituzte antolatzaileek. Alde batetik, ura ontzi berrerabilgarrietan eramateko eskatzen dute, baita jateko zer edo zer ere, “gura baldin bada”. Praka luzeak beharko dituzte landaketa eremuan segurtasunez ibiltzeko, eta mendiko botak. Euria egingo balu, euritarako arropak eta aterkia eroatea gomendatzen dute.