Kondaira museo bizi bihurtuta
Mundo eta Unibertso Bengoetxea Martini buruz kondairak eta historiak utzitako hutsuneak artez bete zituzten zapatuan (azaroak 1) Ean, museo bizia eraiki baitzuten herrian: 'Mundo eta Unibertsoren museo bizia' performance kolektiboak hartu zituen kaleak.
Ezker, eskuin. Ezker, eskuin. Pauso bat bestearen atzetik. Ezker, eskuin. Ilara bakarrean, bata bestearen atzetik. Kandelez osatutako suzko gorputza zeraman gurdiari segika. Ezker, eskuin. Ezker, eskuin. Pauso geldoz, euritik babesteko aterkien azpian. Ezker, eskuin. Mugimendu txiki eta mantsoak irudikatuz, Eako herriko kaleetan barrena joan ziren herritarrak zein Metrokoadrokako sortzaileak Mundo eta Unibertso Bengoetxea Martin gogoan zituztela. Museo bizia eraiki zuten zapatu arratsaldea, Ean: Mundo eta Unibertsoren museo bizia performance kolektiboak hartu zituen kaleak. Kondairak eta historiak utzitako hutsuneak artez bete zituzten.
Metrokoadroka Sormen Laborategiak Herrijeri Emon Arnasa kultur elkartearen eskariz sortu zuen “txutxu-mutxuek diotenaren arabera” garaiko patroiak eta elizaren arauak ez betetzearren epaituak eta baztertuak izan ziren bi anai horiei buruzko lan kolektiboa. Izan ere, arteak zerbait badu, denboraren eta espazioaren mugak gainditzeko gaitasuna du, iragana ulertzeko bide berriak eskaintzekoa.
Hala, XX. mende hasiera irudikatu zuten Ean. Izan ere, 1911n edo, Unibertso Bengoetxea Martin jaio zen Ispasterren. Eta, 1912an edo, Mundo Bengoetxea Martin. Euren aita Juan Manuel Valentin Bengoetxea zen, Bedaronakoa, 1858koa, Txotxo ezizenez ezaguna zena Ean. Eta, aldiz, Ezekiela Martin Esteban zen Mundo eta Unibertsoren ama. Horien guztien historiak “hutsuneak” ditu, arrakalak, zuloak. Izan ere, zer litzateke munduaz zulorik barik?

“Kondairak dio Mundo eta Unibertso ume zirela hil egin zirela, eta Txotxok, euren aitak, hilkutxak eskuz egin zituela. Hori gutxi ez, eta gurdi batean, bi umeen hilkutxak eraman zituen herri guztitik, kanposanturaino”, azaldu zuten Metrokoadrokako sortzaileek. Eta, Txotxok egin bezala, gurdiaren atzetik, herria zeharkatzen eta harriak zapaltzen abiatu ziren beraiek ere.
Baina, nolakoa zen benetan Txotxo? Batzuek diotenaren arabera, “oso gaiztoa” zen, ateoa, “asko edaten zuena”, “biolentoa”, umeak batailatu ere ez zituena. “Hori gutxi balitz, herentzian jasotako Zarakondegi baserrian kabareta sortu omen zuen, baina, sasoi hartan kabareta burdela zen”, gogoratu zuten. Baina, bazeudela bestela pentsatzen zutenak ere adierazi zuten sortzaileek: “Beste batzuek diote gizon ona zela, Ezekiela emaztea zaintzen zuena, baita umeak ere, horiek eskolara zeramatzana, lagunak etxera gonbidatzen zituena…”.Ā

Kondaira iluna da, baina argia ere badauka, eta Metrokoadrokakoak saiatu ziren argi hori pizten, istorio horretan zubi bat eraikitzen, hutsuneak betetzen. “HEAkoek deitu zigutenean, zulo beltzez osatutako istorio baten berri eman ziguten. Unibertsoa bezala, materia beltzez inguratuta zegoen herria, ahoz aho zabaldutako kondaira. Eta materia hori betetzeko saiakera bakoitza mundu osoa zen”, azaldu zuten.

Ondorioz, Eskolondo museo bizi bihurtu zuten. Performatu egin zuten, guztiz. Bonbilak piztu eta gimnasioa, jubilatuen gela, hitzaldi gunea eta yoga egiteko espazioa erakusketa gela bihurtu zituzten. Jendetza zebilen hara eta hona, Juan Manuel Valentin Bengoetxearen, Ezekiela Martin Estebanen, eta Mundo eta Unibertso Bengoetxea Martinen bizitzetan sakondu nahian. Ze, Eskolondoko gune bakoitzean, askotariko bizimoduak kabitzen ziren. Herritarrak pertsonaia historikoak eta gaur egungo hausnarketak uztartzen dituen esperientzia kolektibo eta emozionalean bildu ziren. Eta, iraganeko ahotsak ez ziren oroimen estatiko soilak izan, orainaldiaren ispilu biziak baizik; artearen bitartez, memoria sortu zuten.
“Mundo eta unibertsoren istorioa erantzunik ez duten galderez josita dago. Galdera horietako bat, erantzuten saiatuz gero, zuen teoria zalantzan jarriko duen teoria hausartago bat okurrituko zaion norbait etorriko da”, adierazi zuten. Izan ere, Txotxo, “gehienok” imajinatu nahiko luketen “anarkista eta idealista” zen? Bere garaiko mundua aldatu nahi zuena? Edo kontrakoa? “Eta, Ezekiela? Nor zen? Bere senarraren itzalpean gatibu zegoen presentzia bat? Edo kontrakoa? Zarakondegiko ostatu misteriotsuan askatasun eremu bat gidatzen zuen beste pentsalari libre bat?”, gogoetatu zuten. Eta Mundo eta Unibertsoren bizitzez hausnartzera ere gonbidatu zituzten bertaratutako lagunak.

Baina, istorio horren egia “biribila” ere bere horretan adierazi zuten: XX. mendearen hasieran, bi gurasok garairako oso ezohikoa zen erabakia hartu zutela, beren semeei Mundo eta Unibertso izenak jartzea, garaiko elizaren botere eremutik kanpo.
Hala, oroitu ezin dena oroitzeko bildu ziren Ean, eta hitzek urteak iraun ditzaketela erakutsi zuten. Izan ere, Mundo eta Unibertsoren gurasoek ez zuten imajinatuko horrelako performance baten protagonistak izango zirenik, euren semeei jarritako izenek istorioak asmatzera eroango zituztenik etorkizuneko herritarrak. Eta, Mundo eta Unibertsok ere ez zuten imajinatuko euren bizitza laburrek irudimenak piztuko zituztela.

Metrokoadrokakoek sortutako irudikapenaren azken agertokira ailegatu ziren herritarrak, azkenean: Eskolondoko frontoira, amaierako pieza kolektibora. Galaxia bat irudikatu zuten bertan, Unibertsoren panpina publikoan zegoela. Eskuen mugimendu txikiek orbitak eratu zituzten, herri dantza elektronikora ailegatu bitartean. Izan ere, dantzak, oihuek eta irrintziek hartu zuten orduan Eskolondo. Erantzunik gabeko galderak, “materia beltz hori”, artearen bitartez bete zuten, dantzaren pasioz.

Esperientzia “bizia”.
Metrokoadrokako kideek adierazi dutenaren arabera, “pasioz” aritu dira museo bizia eraikitzen, Eako lagunek “istorio honekin transmititu baitien pasioa” izan baita eurentzat emanaldia sortzeko “inspirazio iturri” nagusiena. “Istorio bakoitzaren atzean istorio hori kontatzen duenaren istorioa dagoelako, jakinmina, kuriositatea eta justizia poetikoa egiteko beharra. Hori transmititu ziguten Eako lagunek, eta pasio horrekin amaitu dugu emanaldia”, adierazi dute.
Batzuetan, antzerkiaren munduan “sinestezina normalizatzera” jotzen dutela uste dute, baina, “zinez esperientzia itzela” izan zela zapatukoa azpimarratu dute: “Egunsenti denak ezberdinak diren moduan, itsasoak Godot infinituen uretan beti ezberdin errepikatzen diren eran, merezi izan du edertasun honi beha une batez geratzea. Eskerrik asko emanaldira etorri zineten guztiei. Mila esker, baita ere, HEA elkarteko bidelagun, bultzatzaile, inspiratzaile eta zoroekintzaile guztiei, gure maitasuna ez da hitzetan kabitzen”.