Bueltan da esku pilotak eta auzo bizitzak bat egiten duten plaza
Azaroko lau zapatuetan lehiatuko dute Ajuriako IV. Pilota Goxua Txapelketa, asteon [azaroak 8] hasita.
Orain arteko hiru ekitaldiak urrian egin izan dituzten arren, Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren IV. ekitaldia azaroan egingo dute aurtengoan, eta estreinako jardunaldia ate joka dago jadanik. Izan ere, azaroko lau zapatuek hartuko dituzte lagunarteko esku pilota partiduak, denak ala denak 18:00retan hasita. Aurtengoa aldi berezia izango da, Muxikako Udalak Ajuriako pilotalekua konpondu duelako —horrexegatik dataren atzerapena—; orain “elegante asko” dago, azaldu dute Ajuriako Auzo Elkarteko antolakuntzako kideek. Zortzi pilotari bikote ariko dira aurten ere zein baino zein gehiago indarrak neurtzen.
Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren bereizgarririk esanguratsuena, baina, kirolaren eta auzo bizitzaren arteko batasuna da. Hain zuzen, esku pilota partiduez gain, auzotar, herritar eta inguruko lagunak biltzeko bateragune bihurtzen da Ajuria, antolatzaileek argitu duten legez: “Auzoan giro ederra sortzen da, eta Ajuria gazte zein nagusiren topagune bihurtzen dugu jardunaldiz jardunaldi; gainera, txokoa ere zabalik egoten da”.
Lehen jardunaldian Artetxuk eta Muxikek Azkarragaren eta Kastanaresen kontra neurtuko dituzte indarrak
Aurtengo ekitaldiari dagokionez, aurreratu dute azken urteetako protagonista nagusietako bi, Artxo eta Latxiondo, min hartuta daudela, eta aurtengoan jokatzerik ez dutela izango. Edozelan ere, iragarri dute parte hartzaileen batez besteko maila “oso handia eta lehiatua” izatea espero dutela. Zapatu honetako [azaroak 8] estreinako jardunaldian, Artetxuk eta Muxikek osaturiko bikoteak Azkarragak eta Kastanaresek eratutakoa edukiko du arerio. Hurrengo asteburuko bigarren jardunaldian hiru partidu egongo dira; azken bi saioetan, hurrenez hurren, finalaurrekoak eta final handia jokatuko dituzte.
Finalean, bestalde, oroimenerako tarterik ere egongo da: “Urtero-urtero txapelketaren kolaboratzaile eta hurreko adiskide izandako Josu Laka mendexarra zendu da aurten, eta azken egunean haren omenezko ekitalditxoa egingo dugu pilotazaleok”. Azkenik, Ajuriako frontoira bertaratzeko deialdia luzatu diete herritarrei: “Auzolanean eta umiltasunez antolatutako txapelketa herrikoia da hau, baina egundoko giroa sortzen duena”.