Babesleku klimatikoen sarea herritarrekin osatu gura du Gernika-Lumoko Udalak
Bero boladei aurre egiteko sarea osatu gura du Gernika-Lumoko Udalak eragile eta herritarrekin elkarlanean. Eta, horretarako, parte-hartze prozesu bati ekin dio. Hala, gaur erretiratuekin, eta kultur eta osasun eragileekin egongo dira, baina beste zenbait hitzordu ere zehaztu dituzte hilabete honetarako.
Klima aldaketak sortutako arriskuetako bat bero boladen gorakadak giza osasunean eragin ditzakeen kalteekin lotuta dago, eta, klima aldaketaren ondorioz, bero boladen maiztasuna, intentsitatea eta iraupena handitzea aurreikusten da azken urteetan. Horren aurrean, bero boladetara egokitzeko eta herritarrak babesteko neurriak “ezinbestekoa” da Gernika-Lumoko Udalarentzat, “klima aldaketak hiri azpiegituretan eta herritarren osasunean izan ditzakeen kalteei aurre egiteko”. Horregatik, babesleku klimatikoen sarea diseinatzeko lanak abiatu ditu, eta hori herritarrekin egin gura du.
Esan dutenez, proiektu horri esker, udalerrian dauden kanpoko zein barruko eremu freskoak identifikatu nahi dituzte, bero handiko egunetan herritarrentzat eskuragarri egongo direnak. “Gune horiek erosotasun termikoa eskaintzeko gaitasuna izango dute, udan irekita egongo dira, eta doakoak eta herritar guztientzako irisgarriak izango dira: berdeguneak, parkeak, udal eraikinak, museoak, etab”, adierazi dute udal ordezkariek, gune horiek babesleku klimatikoen sarearen parte izango direla azpimarratuta.
Udalak babeslekuen sarea diseinatzeko parte hartze prozesua hasi zuen irailean. Lehen saio horretan, babeslekuen sarearen proposamena aurkeztu zuten, eta orain, azaroan, udalerriko eragileekin kontrastatu gura dute, horien iritziak eta proposamenak jasotzeko, eta bide batez, “klima aldaketak dakartzan arriskuen aurrean egokitzeko beharraz ohartarazteko eta sentsibilizatzeko”.
Hori dela eta, gaur eta azaroaren 11n (martitzena), erretiratuekin bilduko dira Erretiratuen Etxean, eta, gaur, 12:30ean, kultur eta osasun eragileekin egongo dira Elai-Alai txikian. Azaroaren 12an (eguaztena), berriz, 17:00etan, Santa Luziako eskolan bilduko dura, Lurgorriko auzo elkarteko kideekin. Saio guztiak irekiak izango dira; beraz, edozein bizilagunek parte hartu ahalko du.
Zehaztu dutenez, espazio horiek herritar guztientzat eskuragarri egongo diren arren, proiektu honekin bereziki babestu gura dituzte pertsona zaurgarrienak: helduak, arnas gaixotasunak dituztenak, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak, 4 urtetik beherako haurrak, haurdun dauden emakumeak, etab.
Hala ere, azpimarratu dute babesleku klimatikoak “prebentzio tresna ona” badira ere, bero boladetara egokitzeko “ezinbestekoa” dela Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren gomendioak kontutan hartzea, bero boladen eta muturreko tenperaturen iragarpenaren aurrean: desidratazioa saihestea, berotik babestea, pertsona zaurgarriak zaintzea, eta, larrialdietan 112 telefonora deitzea.
Ekimen honen jatorria Gernika-Lumoko klima aldaketa arintzeko eta horreatra egokitzeko Plan Integratua da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe buru duen Urban Klima 2050 proiektuaren barruan ere kokatzen da, zeinetan 20 erakunde parte hartzaile klima aldaketara egokitzeko proiektuak egiten ari diren. “Ekintza Klimatikoan oinarritutako 40 proiektu dira guztira, eta Europar Batasunaren finantzaketa jasoko dute”.