2026ko aurrekontuen harira auzo batzarrak deitu ditu Eako Udalak
Ean, 2026ko aurrekontuen harira auzo batzarrak deitu ditu udalak, azaroaren 21, 22 eta 23an. Izan ere, 15.000 euroko partida gorde da udal-aurrekontuetan, herritarrek proposatutako gastu eta inbertsioetarako. Udaletik jakinarazi dutenez, proposamenak aurkezteko aukera izango dute herritarrek, auzo batzarretan. Hala nola, Natxituan, Ean eta Bedaronan jarri dituzte hitzorduak, hurrenez hurren. Proposamen guztien artean bozkatzeko epea, ordea, azaroko azken astean izango dela zehaztu dute udal ordezkariek, telematikoki zein aurrez aurre botoa emateko aukera eskainiz.
Besteak beste, batzarrotan, udal gobernuak azken hilabeteetako lanen inguruko kontu ematea egingo du, aurreko deialdietan herritarren egindako eskaera eta ekarpenen oinarriak azalduko ditu, eta zelan ez, herritarrek ezer esatekorik izanez gero, horiek ere jasoko ditu. Horrez gain, azpimarratu dute hondakin bilketari buruz ere jardungo dutela.
Hala ere, hizpide izango dituzten gai guztien artean, nagusia, 2026ko aurrekokontuak izango dira, ze, herritarrek proposamenak horietan aurkeztu ahal izango dituzte. Auzo batzarretara joan ezin direnek, baina, aurrekontu horietarako proposamenak udaletxean, zein aurrez aurre, edota ea.eus webguneko egoitza elektronikoaren bidez aurkezteko aukera izango dutela nabarmendu dute Eako Udaletik; beti ere, azaroaren 21a baino lehen aurkeztuz gero.
Proposamenak egiterakoan, xehetasunen bat zein beste ere argitu ditu udalak. Adibidez, proposamenak legezkoak eta udal eskumenekoak izatea beharrezkoa dela, edota interes publikokoan izan behar direla. Besteren artean, zehatzak eta bideragarriak izatearen edo epe ertain zein luzera jasangarriak izatearen beharra gaineratu dituzte. Eta, gehitu dute, proposamenekin batera aurreikusitako kostua ere adierazi beharko dela.
Gauzak horrela, Natxituan azaroaren 21ean elkartuko dira, 18:30ean, Bolatokian. Ean, berriz, azaroaren 22an, 13:00etan, Eskolondon. Bedaronan, azkenik, azaroaren 23an jarri dute hitzordua, 12:30ean, Txokoan.