Gau beltzean, arimekin batu dira herritarrak
Arimekin elkartzeko eguna izan zen atzokoa [urriak 31], eta ez ziren falta izan tradizioz betetako ekitaldiak, ez eta oihuak, garrasiak, eta barre algarak nagusitu ziren uneak ere.
Eskeletoak, sorginak, dragoiak, banpiroak, piratak, Addams familiako kideak, txorimaloak… egunerokotasuneak ikusten ez diren horiek kalera atera ziren atzo iluntzean eta gauean. Arimekin elkartzeko eguna izan zen atzokoa [urriak 31], eta ez ziren falta izan oihuak, garrasiak, zaratak edota barre algarak.
Euskal Herrian ondo errotutako ohitura da Arimen Gaua, eta azken urteetan, galduta egon den ohitura hori berreskuratzen ari dira eskualdeko gero eta herri gehiagotan. Gainera, herritarren erantzuna ere handiagoa da urtez urte, eta ekintzak gero eta arrakastatsuagoak izaten ari dira. Hala, han eta hemen Arimen Gauaren jatorria gogoratu zuten. “Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen jatorriz, baita ere iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere”.
Ibarrurin, hildakoekin elkartzeko hitzorduari eutsi diote aurten ere. Muxikako, Gorozikako eta Ibarruriko emakumeez osatutako Oxigastra Curtisii taldearen hitzorduan izan ziren bertako zein inguruko herritarrak, eta hilak eta biziak lotzeko gaua irudikatu zuten andrek. Andra Mari eliza aurrean hasi zuten ibilbidea, eta hildakoen erreinutik bizirik daudenenera igarotzeko ordainsaria zein den aztertu zuten. Batzuk bizirik daudenen erreinura bueltatu gura izan zuten, baina salaketak ere izan ziren, izan ere, bizien mundua “eurek utzi zutena baino txarrago” dagoela adierazi zuten, hainbat moduran. Tartean, palestinarren egoera izan zuten hizpide, baita baserritarren lehengo bizimodua ere.

Hildakoen ibilbidea frontoian amaitu zuten, dantza ikuskizunagaz. Dena aldatzen da kantuaren letrari garrantzia ematen zion dantzaldia egin zuten lehenengo emakumeek, eta Zetak taldearen Hileta kantu nafarra kantagaz prestatutako dantza bertikalarekin jarraitu zuen ekitaldiak, azkenean, Alargunen dantzarekin biribiltzeko gaueko ikuskizuna.
Elkartasun malkoen dantza izar berrien dantza egunsenti argien dantza sare moreen dantza andreen dantza, suaren dantza sortuko direnen dantza minaren, pozaren dantza bizitza beraren dantza
Gernika-Lumon, Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak deituta, mozorro desfilean batu ziren hainbat eta hainbat lagun, adin guztietakoak gainera, euren mozorro beldurgarriak erakusteko asmoz, eta, baso beldurgarrian murgildu ziren gero. Mamuak, hildakoak, sorginak… denetarik aurkitu zituzten bertan. Pausoz pauso, pauso bakoitzaren ostean zer etorriko ez zekitela egin zuten aurrera, eta ostean, atariz atari joan ziren gozoki eskean. Gainera, barikua zela aprobetxatuta, gorputzak mugitzeko aukera ere izan zuten, dj Mitxel musika jartzen ibili baitzen.

Xanduli, Manduli, Kikirriki…eman goxokiak guri! izan zen eskaera entzunena Ajangizen ere. 2021ean berreskuratutako antzinako ohituragaz jarraitu zuten, baina festa Kanpantxun egin beharrean, Mendietan batu ziren. Mozorroak jantzita bertaratu ziren armiarma sarez betetako kultur etxera, eta gozokiak batzen joan ziren gero, etxerik etxe.
Bermeotarrak ere mozorrotuta atera ziren kalera, eta Ziri edo sari eskatzeko bildu ziren liburutegian. Mozorro tailerra izan zuten lehenengo, eta ihes gelan jolasean ibili ziren gero. Kostako herrian, gainera, gaur ere jarraituko dute ospakizunekin izan ere, umeentzako tailerrak dituzte Arrantzaleen Museoan, eta Ohiturak mikroantzerkiaz gozatzeko aukera dute iluntzean, Frantziskotarren klaustroan.
Ean, boltsak egiten eta txokolate janean igaro zuten arratsaldea, eta kalabazak husten eta mozorro festan bildu ziren ereñarrak. Foruan, esku lanetan trebatzeko aukera izan zuten txikienek, eta Gautegiz Arteagan aurpegi margoketan eta mozorrotzeko tailerrean bildu ziren. Gainera, ipuin kontakizunaz gozatzeko aukera izan zuten, merendola egin eta etxez etxe gozoki eskean abiatu auretik.
Mundakan, kalejira beldurgarrian irten ziren, eta arimei ondoetorria egin zieten plazan. Biziak eta hilak batzeko gau hori musikarekin dantzan igaro zuten.