Astraren 20. urteurrena "elkar ikusi, oraina ezagutu eta etorkizuna eraikitzeko uneekin" ospatuko dute
20 urte beteko dira abenduan Astra okupatu zutenetik, eta hori ospatzeko era guztietako ekintzek beteko dute herria abenduan. Laster emango dute egitarauaren berri sare sozialetan, baina asmoa argia dute: "Kaleak okupatzera goaz. 20 urtetan zehar herri eta eskualde honek egindako lana goraipatzeko unea heldu da".
Iraultzak “ezinezkoak” direla entzun izan arren, Astrako kideek beti izan dute argi “ezinezkoak okupatu” egin behar direla. Hori oinarri izanda, 2005eko abenduan ekin zioten bideari. “Gure herriak beharrizan handiak zeuzkan: gaztetxe baten eskaria, entsegu lokalen falta, eta kultur taldeentzako azpiegitura arazoak. 20 urte beteko dira beharrizan horiei erantzun bat eman genienetik: Astra okupatu genuen“. Eta, urtebetetzea ospatzeko, egitarau zabala dakar Astrak: abendu osorako era guztietako ekintzak, mahainguruak, kultur ikuskizunak, hitzaldiak eta ospatzeko momentuak sortuko dituzte. “Elkar ikusi, oraina ezagutu eta etorkizuna eraikitzeko instanteak sortuko ditugu”, diote, eta laster zabalduko dute horien guztien berri sare sozialen bitartez, baina, batez ere, kaleetan: “Bai, kaleak okupatzera goaz. 20 urtetan zehar herri eta eskualde honek egindako lana goraipatzeko unea heldu da”.
Urte guzti hauetan “gardena” izan da okupatu hitzari eman dioten definizioa: “Okupatu: gurea dena hartu. Kultur fabrika sozial honek bihotza eta indarra herrian dauzkalako. Astra Gernikentzako zela aldarrikatu genuen sasoi hartan, eta, une aproposa da, hainbeste urtetan alboan izandako lelo horri zeozer gehitzeko: Gernike Astra da, Astra Gernike da”. 20 urtetan, asmoak egia bihurtu dituzte, egin dute eta egingo dute. Hoir da euren asmoa, eta hala adierazi dute: Eingu eta eingogu.
Leku batek ez daukala zertan fisikoa izan uste dute, eta euren mundua ikusteko eran, Astran hain ohikoak diren aulki more, berde eta laranjan ageri dira, gauzak aldatzeko gogoa daukan edonor bertan noiz jesarri itxaroten. Autogestioa da Astraren eta Astrako kideen ekinen ardatza: “Gure kabuz arnastea. Inor inoren gainetik jarri barik, parekoen harremanetik sortzea, adostea, antolatzea… Hau guztion kontua da. Elkarren euskarri gara“.
Euskaraz bizitzen jarraitu nahi dute, ez dute mundua ulertzeko beste erarik. “Hizkuntza eta kultura garenaren isla bat da, beraz, bulkada arrotzez bete nahi gaituzten sasoiotan, eraldatzeko ezinbesteko tresna da euskara”, argi adierazi dute.
“Era horizontalean eraikitako kulturartekotasuna bultzatzea dugu helburu”
Feministak dira: espazio seguruak sortzen jarraituko dute, “elkar zaintzen zein elkar eusten dakien komunitate bat indartzen”.
Eta, memoriareik ere ez dute galdu, behinola arma fabrika bat izadako lekutik “militarizazioaren aurkako aldarria” zabaldu dutelako, Gernika-Lumotik mundu osora. “Herri zapaldu, erasotu eta okupatuak gogoan ditugu. Ez dezagun sekula ahaztu. Memoria da berau eraikitzeko muina”.
Arrazakeriaren kontra daude: “Era horizontalean eraikitako kulturartekotasuna bultzatzea dugu helburu. Gure lurra hemen bizi garen guztiona da”. Eta, harrera egitea dela daukaten “oinarri filosofikoetako bat” azpimarratu dute.
Lurra zaintzea, babestea eta etorkizun ekologista bat eraikitzeko konpromsioari ere eusten diote, eta horretan darraite lanean.
Belaunaldi askoren topaleku.
Gazteriaren indarrak sortu zuen Astra duela 20 urte, gazteek ez dutelako “mundu justuago bat eraitzeko baimenik” eskatzen: “Aurretik bazegoenetik edan eta ausardiz bizi dute haien oraina. Gazteak dira gure komunitateko hari guztien erdigunea, eta egoteko, borrokatzeko zein saretzeko leku bat merezi dute”.
“Inor inoren gainetik jarri barik, parekoen harremanetik sortzea, adostea, antolatzea… Hau guztion kontua da. Elkarren euskarri gara”
Azpimarratu dute belaunaldi askoren topagunea dela Astrako estalpea. Urteetan egindako bidean hainbat eragile eta norbanakok hartu dute parte, eta horien artean Dabid Zelaia gogoratu dute. “Ez zegoen lekutik sortzeko borondatea eskaini eta arrastoa utzi du gurean kide askok; tartean, Dabid Zelaiak. Urteurren hau beretzako da. Asko maite zaitugu, Dabid”, adierazi dute.
Hala, nabarmendu dute ezin daitekeela “herri saretu baten irudikapena” egin, urteetan, Gernikako gizarte eta kultur mugimendua elikatu duten kideetaz akordatu barik: “Elkarte, talde, lagun talde eta, zelan ez, Trinkete Antitxokoko bidelagunak (gure azal eta izanean daramatzagunak). Egun, Kult parnaso eta Iparragirrerekin osatzen dugun talde lanak egiten gaitu indartsu. Hain zuzen er,e Iparragirre Rock Elkartea bada, aipatutako gazte horiek, lehenik Astran, eta ondoren Iparragirren bertan egindako lanaren ondorio. Gure alboan aritu dira, 20 urtez, herriko musikariekin eta musikazaleentzat lanean”.
2005eko abenduan ekin zion Astrak bere bideari. Eta badator 2025eko abendua. Ospakizun bat dator, eta “hasierako ilusio eta gogo berberarekin” datoz Astrako kideak, baita daudenentzako eta etorriko direnentzako mezu argi batekin ere: eingu eta eingogu.
Ver esta publicación en Instagram