2026an zerga eta tasak ez igotzea erabaki du Foruko Udalak
Udalaren aurrekontuen "egonkortasunak" herritarren gaineko presio fiskala ez areagotzea ahalbidetzen duela zehaztu du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak. Europako araudia betetzeko, zabor-bilketaren eta hiri-hondakinen kudeaketa tasan 10 euroko igoera ezarriko da, etxebizitza bakoitzeko.
Foruko Udalak 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalak onartu eta udal zerga eta tasa guztiak izoztuta mantentzeko erabakia hartu du, EAJren proposamena onartuz. EH Bilduren proposmena zergei KPIaren araberako igoera ezartzea bazen ere, bozketan abstenitu egin ziren. Hala, udalak “herritarren familia-ekonomia erraztearen aldeko apustua” egin du, hurrengo ekitaldia aldaketarik gabeko ordenantza fiskalekin hasita.
Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazi duenez, zergak ez igotzeko erabakia udal kontuen endotasunari eta kudeaketa ekonomiko “ardutsuari” esker gauzatu ahal izan da: “Gure udalaren egoera ekonomikoa oso ona da eta horri esker herritarren gaineko presio fiskala arintzea posible dugu”. Zehaztu duenez udalaren kontuak “osasuntsu” daude, eta horrek herritarren ongizatearen alde jardutea ahalbietzen die, zergak igo gabe.
Helburu berarekin, Hiri Lur Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen ordenantzan aplikatu beharreko hobariak ere onartu zituzten herenengungo (urriak 29) osoko bilkuran. Hala, herentzia bidez etxebizitza hartu duten oinardeko zuzenentzat (seme-alabak edo senar-emazteak) %100eko hobaria sortu da, beti ere etxebizitza lehen edo ohiko bizilekua baldin bada. Udaletik zehaztu dutenez, neurri hori familientzat “lasaitasun ekonomikoa” izateaz gain, hurrengo belaunaldiek Foruan bizitzen jarraitzea aukeratzeko pizgarria ere bada. Gainera, udalarentzat “biztanleriari eusten laguntzeko” modu bat ere bada.
EH Bilduren proposamena udalaren “diru-ahalmena bermatu” eta etorkizunera begira zerbitzuak mantendu asmoz zergai KPIren araberako igoera ezartzea zen, baina udal gobernutik azaldu dutenez, “aurrekontuen egonkortasunak eta udal baliabideen kudeaketa onak” presio fiskala ez areagotzea ahalbidetzen dute, eta aldi berean, herriko proiektu eta zerbitzuetan inbertitzea bermatu.
Zabor-bilketarako zerga.
Foruarrek 2026. urtean zerga igoera bakarra izango dute, zabor-bilketaren eta hiri-hondakinen kudeaketaren tasari dagokiona. “Zabiz-bilketarako zergan %10eko igoera baino ez dugu aplikatuko, Europako araudia apurka-apurka betetzeko”, azaldu du Magunazelaiak. Izan ere, igoera Europako araudia betetzeko betebeharretara egokitzen da, horrek zaborren zerbitzuaren kostua erabiltzaileek beregain hartu behar dutela zehazten baitu. Hala, 2026an 10 euro igoko da zerga hori, etxebizitza bakoitzeko.