Sollube eta Jata mendietako proiektu eolikoari buruzko kezka agertu dute bermeotarrek
SOSOLLUBE elkarteak hitzaldi informatiboa deitu du martitzenerako [azaroak 4], Sollube eta Jata mendietan aurreikusitako Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektua azaltzeko eta eztabaidatzeko helburuarekin.
SOSOLLUBE elkarteak hitzaldi informatibo irekia eskainiko du martitzenean [azaroak 4], 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Sollube eta Jata mendietan aurreikusitako Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektua azaltzeko eta eztabaidatzeko asmoarekin. Azken asteetan ezagututako proiektuak “herritar asko ezustean harrapatu” dituela esan dute.
Elkarteko kideen iritziz, proiektu horrek “inpaktu handiko azpiegitura” jasotzen du, eta “ez da herritarrentzako, enpresa pribatuentzako baizik”. Era berean, informazio falta salatu dute: “Ez da behar bezala azaldu herritarrei, ezta administrazioen aldetik gardentasunez landu ere. Horregatik, elkarteak dei egiten die herritar guztiei informatzera, galderak egitera eta alegazioak aurkeztera, denon parte-hartzea funtsezkoa baita erabaki horien aurrean”.
Martitzeneko hitzaldian, parke eolikoak ingurune naturalean eta paisaian zer-nolako inpaktua izango duen eta proiektua nork sustatzen duen azalduko dute, baita sortuko den energiak nori mesede egingo dion ere. Horrez gain, ingurumen- eta parte-hartze prozeduretan “gertatzen ari diren urraketei” buruz ere hitz egingo dute: “Epe laburra geratu zaigu alegazioak aurkezteko; izan ere, udalek ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste instituzio publikoek ere ez dute behar bezala zabaldu informazioa, herritarrek parte hartzeko eta beren iritzia emateko eskubidea mugatuz”.
Hain zuzen ere, azaroaren 12an amaitzen da alegazioak aurkezteko epea. Bizkaiko lurralde-ordezkaritzan aurkeztu daitezke alegazioak euskarri fisikoan edo EAEko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorraren bidez (https://www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-sede/eu/) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutako moduan.
Udalaren informazioa. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, irailaren 23an izan zuten Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektuaren berri, eta haren ebakuazio-azpiegituraren aurretiazko administrazio baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaera ere orduan ezagutu zuten.
Udaleko teknikariek Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren web orrialdetik deskargatu zuten informazioa, eta eskuragarri dagoen dokumentazioa eta informazioa aztertzen dabiltza: “Azterketa horren ondorioak alegazio-dokumentu batean aurkeztuko dira dagokion epe barruan”.
Proiektuaren ezaugarriak. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren iragarkian zehazten denez, 36.925.034,86 euroko aurrekontua dauka proiektuak: “Energia ekoizteko alternatiba modura, energia eolikoa sustatzea da proiektuaren helburua, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea ere”. Parke eolikoa 4,99 MW-ko 6 aerosorgailuz osatuko da, hau da, guztira 29,94 MW-ko potentzia instalatua, dorre metereologiko bat, 30 kV-ko aerosorgailuen arteko interkonexioko azpiegitura eta horiek ebaketa zentroarekin konektatzeko linea. Horiek guztiak Bermeo, Meñaka eta Arrieta udal mugarteetan egongo dira.
Bertan jasotakoaren arabera, kokalekua Bermeo, Meñaka, Arrieta, Mungia, Fruiz, Gamiz-Fika eta Zamudioko udalerriek osatuko dute.