Jazarpena indarkeria dela salatu du Gernika-Lumoko Sare Feministak
Azken egunetan indarkeria kasu berri baten berri izan duela salatu eta herritarrak "jazarpen egoerak ez normalizatzera" animatu ditu talde feministak.
Gernika-Lumoko Sare Feministak azken egunetan indarkeria kasu berri baten berri izan duela salatu du. Bikotekide ohiarengandik jazarpena jasotzen duen emakume batek talde feministara jo zuen, egunerokotasunean dei eta mezu “iraunkor eta iraingarriak”, emakumea isolatzea bilatzen duten gezurretan oinarritutako kritika publikoak eta xantaila emozional eta ekonomikoa jasaten dituela eta “gainezka” eginda, egoera eteteko laguntza eskatuz. Egoera horren aurrean, Gernika-Lumoko Sare Feministak jazarpen mota oro indarkeria dela aldarrikatu du.
Emakumea bukatu gura duen harremenetik “ezin aterata” sentitzen dela azaldu dute, hori azken aldian sarritan ikusten duten egoera dela zehaztuz: “Sarritan ikusten ari gara harreman afektibo baten hausturak sortzen dituen ezinegonekin justifikatzen diren izaera honetako erasoak”. Bikote ohiak beraien bizitzatik atera nahi eta ezinean bizi diren emakumeak “gero eta gehiago” direla salatu dute.
Horregatik, Gernika-Lumoko Sare Feministatik “gogor” salatu eta horrelako erasoak ez normalizatzeko eskatu dute: “Herritarrak animatu nahi ditugu jazarpen egoerak ez normalizatzera, eta bakoitzaren esku dagoen horretan, hauei aurre egitera”.