Etxetik kanpoko lehen garaipena, datorrenari aurre egiteko
EuroCup Womenen multzokako fasean bigarren garaipena eskuratu zuen atzo [urriak 29] Lointek Gernika Bizkaiak Uniao Sportiva Azoris aurka 48 eta 82 nagusituta. Fernandezen taldeak Malosten izango ditu bere hurrengo hitzorduak: hiru neurketa sei egunetan.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia EuroCup Womeneko NKA Universitas Pecs taldearen aurkako neurketak azken hasperenean egin zion ihes Lointek Gernika Bizkaiari, eta asteburuan, Endesa Ligan bi puntuko aldeagatik galdu zuen Lugon, Duran Maquinaria Ensinoren kontrako partidua. Hala, etxetik kanpoko dinamika hautsi eta Malostetik kanpoko lehen garaipena lortu beharrez kantxaratu zen atzo [urriak 29] talde gernika-lumotarra Portugalen, Uniao Sportiva Azorisen zelaian. Lucas Fernandezek zuzendutako taldea 21 puntuko aldeagaz nagusitu zitzaien portugaldarrei Malosten, eta Pavilgao Sidonio Serpa zelaian ere bere nagusitasuna erakusteko gai izan zen: 48 eta 82ko markagailuagaz EuroCup Womeneko multzokako faseko bigarren garaipena lortu zuten.
Azoresera iristeko bidaia luzea egin behar izan zuten gernika-lumotarrek, eta Fernandezek balioan jarri legez, neurketa bertara iristetik 24 ordu inguru iritsi eta 24 ordura jokatu behar izan zuten. Bere jokalarien konpromisoa azpimarratu du entrenatzaileak, jokalari bat edo beste erdi gaixorik kantxaratu zela aitortuz. Izan ere, atzora arte jokatutako bi partiduetan garaipen eta porrot banagaz heldu ziren gernika-lumotarrak neurketara, eta aurrera egiten jarraitzeko garaipena lortu gura zuten. Uniao Sportiva, berriz, multzoko lau neurketatan lau porrot jasota kantxaratu zen, birtualki lehiaketatik kanporatuta.
Partidua baina, bataren eta bestearen zalantzekin hasi zen, lehen minutua saskiratzerik gabe igaroz. Fernandezen taldeak baina, erritmoa ezarri eta 0 eta 10eko partziala bereganatu zuen. Hala, lehen laurdenean aurresuposatzen zitzaion nagusitasuna markagailuan islatzeko gai izan ziren, Maka Jankovicen eskutik erasoko errebotetik puntuak lortuta. Sara Krnjic Lointek Gernikako azken fitxaketak ere bere lehen puntuak lortu zituen EuroCupen, lehen hamar minutuak 7 eta 21eko markagailuagaz itxiz.
Abantailari eutsi.
Besoak jaitsi nahi ez, eta partiduari martxa bat gehiago sartu zion Azoresko taldeak bigarren laurdenean: zonako defentsa ezarrita, eta hiruko lerrotik saskiratzeak lortuta, Malostekoak zigortu eta markagailuan hurreratuz joan ziren. Granateak jokaldiak landu bai, baina joko ona puntu bihurtzeko zailtasunak izaten hasi ziren. Portugaldarrek 10-0 partziala lortuta, Fernandezek neurketa gelditu behar izan zuen. Parekotasuna zen nagusi: kantxako bi aldeetan saskiratze gutxi eta galera asko. Atsedenaldia iristerako, lehen laurdeneko 14 puntuko aldea 6 puntura murriztua zuten etxekoek: 26 eta 32.
Aldagelatik joko taktikoaren nondik norakoak birplanteatuta kantxaratu ziren Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak. Portugaldarrek trantsizio azkarrekin erantzun zuten, baina bizkaitarrek, bata bestearen atzetik hainbat jokaldi positibo pilatuta, tartea zabaltzeko gai izan ziren: Emily Bessoirrek biribildutako kontraeraso batek eta Esther Casedoren hirukoak abantaila 13 puntura handitu zuten berriz ere (35-48). Portugaldarrek ez zuten neurketatik kanpo gelditu nahi, eta azken minutuetan, Mariana Carvalho buru, erasoan asmatu eta berriz ere aldea murrizteko lanetan jarri ziren, baita lortu ere. Azken hamar minutuen faltan, aldea 9 puntukoa zen: 43 eta 52, granateen alde. “Taldea indartsu mantendu da alde bietan, eta ez ditu akatsetatik saskiratze errezak eman. Saskiratze aukerak izateko lan asko egin behar izan dute”, adierazi du Fernandezek.
Sentsazio onak. Bizkaitarrek garaipena ziurtatu gura zuten, eta horretarako modurik onena laurdenaren hasieratik puntuak pilatzen joatea zen: Castedoren hirukoak eta Sarah Pollerosek lortutako sei puntuek lasaitasuna eman zien Fernandezenei. Azoresekoek zonako defentsagaz kalteak murrizteko ahalegina egin bazuten ere, Polleros eta Joy Adamsen saskiratzeek 20 puntura handitu zuten gernika-lumotarren abantaila (46-66). Ordutik aurrera neurketaren kudeaketa kontrolpean izan zuten, markagailuan adierazi bezala. Azken emaitza 48 eta 82koa izan zen. Hala, multzokako faseko bigarren garaipena poltsikoratuta, “sentsazio positiboekin” hartu zuten Gernika-Lumokoek etxerako bidea.
Hasieratik markagailuan aurretik joateak denboraldi hasieratik minutu asko pilatu dituzten “jokalariak zaintzea” ahalbidetu zion atzo Lointek Gernikari, taldeak “erronka” handia baitu aurretik: astebeteko epean hiru neurketa jokatu beharko dituzte. Maloste izango da, hain zuzen, gernika-lumotarren hurrengo geralekua, Joventut de Badalona hartuko baitute domekan [azaroak 2], 12:30etik aurrera, Endesa Ligako bosgarren jardunaldian. Datorren eguaztenean [azaroak 5], berriz, NKA Universitas Pecs hartuko dute EuroCupeko jardunaldian (20:00) eta barikuan [azaroak 7], berriro ligari helduta, Hozono Global Jairisek bisitatuko du Maloste (20:00).