Arimen Gauean batzeko, hamaika hitzordu
Arimen Gaua ospatzeko ohitura gero eta gehiago zabaltzen ari da, eta horren isla dira, esaterako, datozen egunetarako Busturialdean antolatuta dituzten hamaika ekintzak.
Urriaren 31n Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen duela hamarkada batzuk, baina denboraren joan-etorriagaz indarra galduz joan zen. Orain, ordea, berriz egonkortzen hasia da, eta asko dira egun horregaz bat egiten dutenak; horren isla dira, esaterako, datozen egunetarako Busturialdean antolatuta dituzten hamaika ekintzak. Ajangiz, Bermeo, Ea, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Mundaka eta Muxikako bizilagunak izango dira beltzez jantzi eta kalera aterako direna.
Gaur egun erlijio katolikoarekin lotzen bada ere, hilen inguruko ospakizunak zeltek ospatutako Samhain (udaren bukaera) jaian du jatorria. Trantsizio jaia omen zen, urte batetik bestera igarotzeko eta beste mundurako irekiera ospatzeko hitzordua. Gaur gaurkoz, Euskal Herrian hildakoen arimak zerura iristea eskatzeko egunak badira ere, garai batean bestelako ohiturak ere egon bazeuden, mundu mailan ezaguna den Halloween jaiarekin hainbat antzekotasun zituztenak: kalabazak hustea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea.
Hala, garai bateko tradizioa berreskuratu eta hildako arimekin konektatzeko aukera emango dizkien egun beldurgarri bezain dibertigarriak dituzte herritarrek aurretik, baina egun esanguratsurik baldin bada, biharkoa da. Izan ere, udalerri gehienek atondutako egitarauak bihar gauzatuko dira.
Ekintzak, non-nahi.
Busturialdean gero eta gehiago dira Arimen Gauagaz bat egiten dutenak, eta hainbat tokitan errotzen hasia da dagoeneko. Muxikarrek Ibarrurin izango dute hitzordua beste urte batez, Hildakoen biztuera ibilbidea egiteko, eta frontoiko dantza emanaldiak ere ez du hutsik egingo. Bertan, DJ Latigok girotuko du gaua.
Mozorroak egiteko tailerrak, ipuin kontalariak, desfileak… denetariko ekintzak egongo dira. Ajangiztarrek, esaterako, Mendietara lekualdatu dute aurten ospakizuna, eta kultur etxean mozorrotu eta etxez-etxe ziri edo sari aritu ostean, txokoan merienda-afaria egingo dute.
EGITARAUA
AJANGIZ
Bihar.
18:30. Herritarren mozorrotzea, kultur etxean.
Ostean. Umeak ziri edo sari, etxez-etxe.
Jarraian. Merienda-afaria txokoan.
BERMEO
Bihar.
Arratsaldean zehar. Ziri edo sari, liburutegian.
18:00. Mozorro tailerra, liburutegian.
18:00. Ihes gela, liburutegian.
18:00-21:30. Ohiturak mikroantzerkia, Frantziskotarren klaustroan. Ordu erdiko saioak. Sarrera: 4 euro.
19:30. Nagusientzako Arimen gaua hitzaldia, Arrantzaleen Museoan.
Etzi.
11:30. Umeentzako tailerrak, Arrantzaleen Museoan.
18:00-21:30. Ohiturak mikroantzerkia, Frantziskotarren klaustroan. Ordu erdiko saioak. Sarrera: 4 euro.
Azaroak 2, domeka.
17:00-21:00. Bilboko Ilusioen Museora irteera, 10 eta 14 urte bitartekoentzat.
Azaroak 8, zapatua.
20:00. Spookypheria Productionesek antolatuta, Halloween Metal Fest jaialdia, Kafe Antzokian. Sarrerak: aurretiaz 18 euro [Luma eta bermeokokafeantzokia.com]. Azaroaren 8an, 20 euro.
EA
Bihar.
18:00. Boltsa tailerra, Eskolondon.
18:30. Merendola.
19:00. Etxez-etxe kantuan.
EREÑO
Bihar.
19:00. Kalabaza tailerra. Kalabaza eramatea komeni da.
Ondoren. Mozorro festa eta umeentzako merienda.
FORUA
Bihar.
17:30-19:00. 3 eta 12 urte bitartekoentzako eskulan tailerra familian, kultur etxean.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Bihar.
17:00. Aurpegia margotu eta mozorrotzeko tailerra, kultur etxean.
18:00. Ipuin kontakizuna, kultur etxean.
18:30. Merendola.
Ostean. Ziri edo sari, etxez etxe.
GERNIKA-LUMO
Bihar.
17:00-22:00. Puzgarriak, San Juan Ibarran.
17:30-18:30. Kalabaza tailer beldurgarria, kultur etxe aurrean.
18:00. Sorgin erratzen tailerra, San Juan Ibarran.
18:00. Lurgorri Auzo-Kultur Elkartearen eskutik, mozorro desfilea eta txapelketa, Lurgorrin.
18:30. Basorako tiketen banaketa, Lurgorrin.
19:00. Baso beldurgarria, Lurgorrin.
21:30. DJ Mitxel, Lurgorrin.
Jarraian. Xanduli Manduli, Lurgorriko komertzioetatik.
Etzi.
11:30-14:30 eta 16:30-22:00. Puzgarriak, San Juan Ibarran.
17:00. Gailetak egiteko tailerra, San Juan Ibarran.
18:00. Aurpegi margoketa, San Juan Ibarran.
19:00. Lore koroa eta puzzle tailerra, San Juan Ibarran.
Azaroak 2, domeka.
11:30-14:30 eta 16:30-21:00. Puzgarriak, San Juan Ibarran.
MUNDAKA
Bihar.
18:00. Kalejira beldurgarriaren irteera, Santa Katalinatik.
19:00. Arimei ongi etorria, plazan.
19:00. Photocall eta aurpegi margoketa beldulgarriak.
20:00. Musika eta dantza, plazan.
MUXIKA
Bihar.
20:00. Hildakoen biztuera ibilbidea, Ibarrurin.
21:30. DJ Latigo.