Hamar urte, tokiko metalari forma emanez
Metal Fabrikak hamargarren denboraldiari hasiera emango dio zapatu honetan [azaroak 1], Astran antolatu dituzten kontzertu egitarauagaz. Ciconia, Hilotz eta Subjugated igoko dira oholtzara.
Metal Fabrika irratsaio eta proiektuak hamargarren urtemuga beteko du aurten, eta, mugarri esanguratsu hori omentzeko, zuzeneko musikaz girotuko dute zapatu honetan [azaroak 1], Astra kultur faktoriako agertokia. Metal Fabrikaren hamargarren denboraldi hasiera goi mailako metal kontzertuekin berotuko dute, 20:30ean hasita. Hiru izango dira zapatuan oholtzaratuko diren taldeak: Ciconia, Hilotz eta Subjugated. Sarrerak Internet bidez erosiz gero, 10 eurotan eskuratu ahalko dira; egunean bertan ere Astrako sarreran jasotzeko aukera egongo da, 12 euroren truke.
Ciconia Valladolideko talde instrumentala da, eta prog-modern metala jorratzen dute. Gaztelarrak Synaesthetic Garbage izeneko albuma esku artean dutela iritsiko dira Astrara, Garbage Tour biran bete-betean sartuta. Hilotz taldeari dagokionez, muturreko metala euskaraz ontzen duen talderik azpimarragarrienetakoa da; aurtengo abuztuan laukote izatetik hiruko formatura pasatu dira, eta beraien azken lan luzea, Aske izenekoa, 2020. urtekoa dute. Edozelan ere, Hilotzek iraupen luzeko beste lan baten (Giza Ankerkeria) eta kaleraturiko hamaikatxo aurrerapen abestien laginak ere taularatuko dituzte, metalzaleen gozamenerako.
Subjugatedek lehen kontzertua emango du, baina hura osatzen duten taldekideek ibilbide luzeak dituzte
Hirugarren taldea Subjugated izango da; Gernika-Lumon emango dute beraien estreinako emanaldia. Gainera, aurten grabaturiko Impenitence Discipline albuma plazaratuko dute. Talde horren lehndabiziko emanaldia izateagatik ere, hura osatzen duten kideek eskarmentu eta ibilbide zabala dute musikaren eta, bereziki, metalaren alorrean. Izan ere, Carnivorous Voracity, Gory Delivery, Virulency, Putrid Torse edota Necrocake taldeetan aritutakoak dira. Bestalde, gaualdia ez da kontzertuekin amaituko: behin hiru emanaldiak amaituta, DJ Welder arduratuko da musika jartzeaz.
Tokiko metalzaleen aterpea.
Hamar urteko bidean, Metal Fabrikak lortu du hala eskualdeko, nola inguruko metalzaleen topagunea izatea. Hamargarren urtemuga parez pare dutela, gogoratu dute egitasmoaren hazia metal musikarekiko zaletasunetik eta adiskide arteko laguntasunetik ernaldu zela: “Metala maite genuen lagun batzuk Astran geure tokia topatu genuen eta, irratsaioa oinarri, metal kulturaren nondik norakoak lantzeari ekin genion; antolatu ditugun jaialdi edota kontzertu guztiak ere lanketa horren parte izan dira”.
Metala, korronte mainstream edo hegemonikoa izan ez arren, “osasuntsu” topatzen dute beraien inguruan: “Inguruko herrietan —esate baterako, Bermeon— baditu bai presentzia, bai jarraipena. Guk, geure aldetik, aletxoa jartzeko ahalegina egiten dugu, betiere kontutan edukita prestatzen dugun eskaintzaren kalitateari erreparatzen diogula, jarraitzaile kopuruari barik”.
“Brutal death giroetatik esparru instrumentalagoetara, metalaren inguruko eskaintza anitza topatuko dute ikusleek”
Zapaturako aurreikuspenari dagokionez, hainbatek bertaratzea “egunean bertan” erabaki ohi dutela azaldu dute, eta, alde horretatik, Astran “50 lagun inguru elkartzea” espero dute. Argi dutena da hurreratzen direnak “ez direla damutuko”: “Brutal death giroetatik esparru instrumentalagoetara, metalaren inguruko eskaintza anitza topatuko dute; talde berriak ezagutzeko aukera aproposa izango du ikusleak, baita jadanik ezagutzen dituzten formazioen zuzenekoez gozatzekoa ere”. Txikitasunetik eta ilusiotik jardunda, argitu dute metal kulturaren inguruko proiektuak hauspotzea “oso posible” dela: “Jaialdi handienen egitarauetan metal taldeen presentzia dago; horrek islatzen du musika alor hau bizi-bizirik dagoela, eta talde berriak ere azaleratzen ari direla”.
Hain zuzen ere, duela aste gutxi, Barakaldoko BEC metalzaleen elkargune bihurtu zen, Euskal Metalheads jaialdian. Oholtza berean elkartu zituzten Eraso!, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika, Anestesia, Crisix eta Angelus Apatrida moduko talde entzutetsuak. “Jaialdi hori hamarkadaz hamarkada metala babestu duten herritarrek prestatu, eta programazio aparta lotu zuten. Polita da horrelakoak ere ateratzen ari direla ikustea. Geurea egitasmo txikiagoa da, baina prest gaude auzolanetik eragiten segitzeko. Urrunago joan barik, otsail amaierarako beste hitzordu berezi bat prestatzen ari gara”.