Artea, historiaren hutsuneak betetzeko
Mundo eta Unibertsoren museo bizia antolatu dute HEA kultur elkarteak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Zapatuan, artearen baitako diziplina desberdinak uztartuz, memoria sortzea, bizitzea eta hausnartzea oinarri izango duen ariketa bat egingo dute, Ean. Sarrera librea izango da, eta herritar guztiak eta ingurukoak gonbidatu dituzte horretan parte hartzera.
HEA kultur elkarteak egindako ikerketarako jasotako argazkietako bat. Arteak zerbait badu, denboraren eta espazioaren mugak gainditzeko gaitasuna da. Gizakiari iragana ulertzeko bide berriak eskaintzekoa. Horren erakusle bihurtuko da Ea, zapatuan. Mundo eta Unibertsoren museo bizia antolatu du Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak, Metrokoadroka Sormen Laborategikoekin elkarlanean.
Pertsonaia historikoak eta gaur egungo hausnarketak uztartzen dituen esperientzia kolektibo eta emozionalean bilduko dira herritarrak. Eta, eszenatokian, iraganeko ahotsak ez dira oroimen estatiko soilak izango, baizik eta orainaldiaren ispilu biziak; artearen bitartez, memoria ez da soilik gogoratu egiten, baizik eta berriro sortzen da. Berriro bizi. Berriro hausnartu.
HEA kultur elkarteko Asun Landak esan bezala, “behin bakarrik” egingo den ekimena izango da zapatukoa, eta horrek “are bereziago” egiten du. “Historian zehar sortu diren hutsuneak betetzeko asmoz” sortu zen performance kolektiboaren ideia. Mundo eta Unibertsoren bizitzen inguruko txutxu-mutxu, kondaira eta mitoak apurtzeko, eta historia berriz ere eraikitzeko asmoz, alegia. Izan ere, Mundo eta Unibertso Ean bizi ziren bi anai ziren, eta horien historiaren atzean ezkutatzen dena argiratu nahi dute. Eta, nolabait, omenaldi bat egin. Horrela, XX. mende hasierara salto egingo dute zapatuan, artea zubi izanik. Batailatu barik eta elizatik urrun bizi zen familia baten egunerokoan kokatuko da ikuskizuna.
“Mutikoak oso gazte hil zirela entzun izan dugu beti Ean. Elizatik kanpo bizi zirenez, gainera, hilerriratzeko orduan, gurasoek arazoak izan zituzten”, azaldu du Landak. Bertsio desberdinak daudela ere zehaztu du, baina horietan guztietan berdintasun bat dagoela: Mundo eta Unibertsoren aita “oso gaiztoa” zela. Hala, Txotxo deitzen zioten, hitzaren adiera negatiboa erabiliz. Infernuko izaki mitologiko bat omen zen Txotxo, eta horregatik izendatu zuten mutikoen aita izen horrekin. Ziurtasunik gabeko kondairen hausnarketa egiteko ariketa gisa dute antolatzaileek zapatukoa: “Antzina, gure herrian entzuten ziren istorioak berriro ere gureratzeko ariketa gisa sortu da, eta nola ez, Mundo eta Unibertsoren zein gurasoen bizitzei omenaldi xume bat egiteko”.
“Benetan existitu ziren?, Beraien aita hain gaiztoa zen? eta Nolako bizitza izan zuten mutikoek?” bezalako galderei erantzuteko plaza bihurtuko dute Ea. HEA kultur elkarteko kideek ikerketa bat osatu zuten, Mundo eta Unibertsoren inguruan gehiago informatzeko asmoz. Ikerketa hori burutzeko, batetik, artxibo desberdinez baliatu zen kultur elkartea. Bestetik, etxez-etxe entzundako testigantza desberdinak entzun eta grabatu zituzten. “Hainbat informazio” bereganatu arren, “hutsune bete-ezinak” daude oraindik historian, euren hitzetan. Hutsune horiek artearen bidez bete nahi dituzte, eta horretarako Metrokoadrokako kideen laguntza izan dute.
Elkarlanaren hastapena.
Poesia Egunak antolatzen zituztenetik dute harremana HEA kultur elkarteak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Ainhoa Alberdi Metrokoadrokako kideak elkarlanaren hastapenaren berri eman du: “Uda aurretik jaso genuen Eako lagunen proposamena sormen laborategian. Egin berri zuten ikerketa baten berri eman ziguten, eta material horrekin zeozer artistikoa egin nahi zutela adierazi ziguten”.
Pentsatu eta egin. Sareko hemeretzi artistak osatuko dute zapatuko ikuskizuna. Kontatu dutenez, “hasiera eta amaiera artista guztiek elkarrekin” egingo duten arren, erdian, “museo bizia” zabalik egongo da. Nabarmendu dutenez, bertan, hemeretzi artistek talde txikietan sortutako piezak ikusi ahal izango dira, “museoetan ikusten diren bezala”, publikoa batetik bestera mugitu ahalko delarik, nahieran. “HEAko kideek eskuratu zuten dokumentazio guztia utzi ziguten, eta horren baitan sortutako hutsune bakoitza pieza edo diziplina artistiko desberdinez beteko dugu”, zehaztu du Alberdik. Horrela, antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argiak izango dira nagusi, museoan.
Azken urteetan Metrokoadroka kolektiboan ildo berri bat jarri dute martxan: Site Specific-erako proiektuak, espazio eta denbora bati egokitutako sormen prozesuak eta emanaldiak. “Proiektu hauek kalean zein espazio itxietan egiten ditugu”, azaldu du. Proiektu horren barnean kokatzen da zapatuko ikuskizuna.
17:00etan hasiko dute, elkarketa eta desfilearekin. 17:45etik 19:00etara, berriz, Mundo eta Unibertsoren museo bizia zabalik egongo dela aurreratu dute. Amaiera 19:00etan izango da, artista guztiek elkarrekin egingo duten pieza batekin, Eskolondoko frontoi egokituan.
Antolatzaileek emanaldia ikustera joateko animatzeko deia zabaldu dute, hainbat diziplina artistiko uztartuz, historian atzera egiteko aukera eskainiko dutelako, eta historia horretako hutsune bakoitzean, ikusle bakoitzak bere errepresentazioa egiteko aukera izango duelako.