Fokua zaintzan jarri nahi duen argazki lehiaketa, martxan
Busturiko Udalak 'Zaintzen duten begiradak' argazki lehiaketa antolatu du, eta parte hartu gura dutenek azaroaren 13ra arte [eguena] dute lanak aurkezteko aukera.
‘Nola adieraziko zenuke zaintza irudi batekin?’. Galdera hori bota die Busturiko Udalak udalerriko bizilagunei, eta erantzunak jasotzeko argazki lehiaketa antolatu du, zaintzen duten begiradak izenpean. Zaintza “era zabal batean” ulertzen dutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hori argazkietan islatuta ikusi gura dute: norberaren zaintza, belaunaldien arteko zaintza, infuruaren zaintza, lagunak, bikotea, umeak… Hala, Busturian bizi eta argazkigintza gustuko dutenek azaroaren 13ra arte [eguena] dute argazkiak aurkezteko aukera.
Argazki lehiaketa hiru mailatan banatu dute: eskola kategorian 6tik 12 urtera bitartekoak batuko dituzte, gazteak mailan 13tik 25 urtera bitartekoak eta hirugarrenean, helduak izeneko kategorian, 25 urtetik gorakoak. Udaletik sariak egongo direla aurreratu dute, baina, halere, lehiaketaren helburu eta ekarpen “garrantzitsuena” inguruko pertsonekin “zaintzari buruz hitz egiteko aukera” ematea da.
Parte hartu gura dutenek udala@busturia.eus helbide elektronikora bidalik beharko dute argazkia, JPG edo PNG formatuan eta, gutxienez, 2MBko bereizmenagaz. Mezua bidaltzean Berdintasuna argazki lehiaketa – [norberaren kategoria] jarri beharko da gai bezala.