Euskal atunontziaren sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko mahaia eratu dute
Bermeo Tuna World Capital elkarteak bultzatu du Bizkaiko Atunontzi Sektoreko Berrikuntzarako Prestakuntza Mahaiaren sorrera. Ekimenak atunaren balio katea ordezkatzen duten hamabost agente biltzen ditu.
Argazkia: Bizkaikp Foru Aldundia Bermeo Tuna World Capital elkarteak bultzatuta, atun jasangarriaren inguruko prestakuntza eta berrikuntza-polo bat sustatzeko Bizkaiko Atunontzi Sektoreko Berrikuntzarako Prestakuntza Mahaia eratu dute Bermeon. Foro berriak arrantzan, sustapen ekonomikoan eta prestakuntzan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiako Bermeoko Nautika Eskolako eta nazioarteko uren erauzketa-sektoreko hamabost agente biltzen ditu, “lankidetzarako gune gisa”. Azpimarratu dutenez, mahaiaren xede nagusia sektorearen joerak aztertu, epe ertain eta luzerako erronkak diagnostikatu eta euskal atunnontzien ekosistemaren lehiakortasuna eta irankortasuna indartzeko lehentasunezko ekintzak zehaztea da.
Mahaia osatzeko bilera iragan eguenean [urriak 23] egin zuten, eta parte hartu zuten eragile ezberdinei “atunontzi izoztaileen itsas-arrantzako prestakuntza hobetzeko, belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko eta sektorearen berrikuntza eta ospea indartzeko duten borondatea egiaztatzeko” balio izan ziela azpimarratu dute. Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak atun-sektoreak etorkizunean beharko dituen prestakuntza eredu eta “gaitasunak birpentsatzeko aukera baten aurrean” daudela zehaztu du: “Eragile guztien inplikazioa funtsezkoa da bide-orri partekatu eta iraunkor bat eraikitzeko”. Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako sailburuordea den Leandro Azkuek, berriz, mahaiak administrazio, enpresa eta prestakuntza zentroen artean ahaleginak lerrokatu eta “atunontzi izozkailuearen etorkizuna markatuko duten arau eta teknologia aldaketei aurre hartzeko aukera” emango duela adierazi du.
Bizkaiko Foru Aldundiak balio kateari eta ekonomia urdinari lotutako prestakuntza, berrikuntza eta garapen industriala bultzatzeko aukera ikusten du Bizkaiko Atunontzi Sektoreko Berrikuntzarako Prestakuntza Mahaian: “Horien gaitasunak indartzeak kostaldeko eskualdeak dinamitzatzen laguntzen du, hala nola Busturialdea Urdaibai, eta Bizkaiak lehiakortasunean eta kalitatezko enpleguan aurrera egiten jarraitzea”. Anertz Muniategi Atunontzi Izoztaileen Armadoreen Elkarte Nazionaleko gerentearentzat erronka ez da soilik gazteak sektorera erakartzea, horiei altuera handiko atun-arrantzak “profil tekniko eta internazionalk dituzten, ondo ordainduta dauden eta etorkizuna duten lanbide profesionalak garatzeko aukera” ematen duela erakustea baizik.
Prestakuntza edukiak eguneratzeko beharrari dagokionez, irakaskuntza “egungo beharrizan operatiboetara” hurbildu eta programak eguneratzearen beharra azpimarratu du Borja Alonso Albacora enpresako Iraunkortasun eta Komunikazio zuzendariak. Luis Fernandez Bermeoko Nautika Eskolako kudeatzaileak, bestalde, bere lana “prestakuntza modernoa eta sektorearekin konektatua” eskaintzea dela adierazi du. Halere, flotak eskatzen dituen profil profesional berrietara egokitzeko “araudi malguagoa” behar dela aldarrikatu du.
Hala, mahaia osatzen duten eragile guztiek “oso positibotzat eta garrantzitsutzat” jo dute ekimena, sektorearen iraunkortasunaren bultzatzen lagunduko duela uste baitute.
Eraldaketa iraunkorra.
Maitane Leizaola BTWCeko zuzendari nagusiaren esanetan, Bermeo arrantzaren eta hegaluzearen eta hegalaburraren eraldaketa iraunkorraren zerbitzura dagoen prestakuntza eta berrikuntza zentro espezializatu bihurtzea “estrategikoa”, da, tokiko sustraiak dituen baina eragin globala duen industrian liderrak izaten jarraitzen lagunduko dielako. “Gainera, horrelako ekimenek baxurako arrantzaren sektorea mantentzen eta jendea erakartzen ere lagundu dezakete, kritikoa baita tokiko hornikuntza-katearentzat eta Bermeoko itsas nortasuna babesteko”, gehitu du Leizaolak.
Mahaia foro “egonkar” bezala jaio da, eta prozesuak aurrera jarraituko duela iragarri dute. Izan ere, datozen hilabeteetan beste bi lan saio egingo dituzte, erronka estrategikoak, ekintza lehentasunak eta mahaiaren gobernantza eredua zehazteko. BTWC koordintzaile eta erakundearen topaleku izango da, eta mahaitik ateratako ondorioak eta proposamenak hezkuntza, prestakuntza eta arrantza gaietan eskumena duten erakundeetara helaraziko ditu.