EnpleGU: Ontziratu, langabetuei nautika eta arrantza sektorean laneratzeko "benetako aukera" eskaintzeko
Lau hilabetez, 10 ikasle nautika eskolan formakuntza jasotzen ari dira. Programak lan baimena eskuratzeko aukera ematen du, baita "lan duina" eskaintzen duten lanpostuetan lan egiteko prestakuntza ere.
Argazkia: Bermeoko Udala Martxan da Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak Bermeoko Nautika Eskolagaz batera antolatu duen EnpleGU: Ontziratu programa. Bermeoko Udalaren eta Europako Gizarte Funtsen dirulaguntzagaz bultzatuta, 10 ikasle nautika eskolan formakuntza jasotzen ari dira. Izan ere, programaren xedea udalerriko zein inguruko herrietako langabetuei nautika eta arrantza sektorean laneratzeko “benetako aukera” eskaintzea da.
Udal ordezkariak programan parte hartzen ari diren ikasleekin hitz egin eta haien istorio eta motibazioak ezagutzeko aukera eduki dute, eta adierazi dutenez, parte hartzaileek ikastaroarekiko “interes handia eta esker ona” erakutsi dute, beraien etorkizun profesionala hobetzen lagunduko diela uste baitute.
Programak formazioa jaso izanagatik lan baimena eskuratzeko aukera ematen du, baita “lan duina” eskaintzen duten lanpostuetan lan egiteko prestakuntza ere. Izan ere, EnpleGU: Ontziratu programaren helburu garrantzitsuenetariko bat da lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak prestatu, orientatu eta ahalduntzea.
Udaletik gogoratu dutenez, programa Bermeo eta inguruko arlo ekonomiko eta sozialaren “benetako beharrei erantzuteko” sortu da, eta lau hilabeteko iraupena izango du. Denbora horretan ikasleek hainbat ikasgai landuko dituzte, hala nola, Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak (70 ordu), marinel arrantzle ikastaroaren baliokidea den Arrantza-ontziko estalki lanak (30 ordu), nabigazio eta gobernu guardia (60 ordu) eta arrantza ateratzea tretzarekin, arrastearekin eta inguraketarekin (12o ordu). Horrez gain, banakako eta taldeko orientazio pertsonalizatua eskainiko die ikasleei, “funtsezkoa baita sektorean laneratzeko aukerak hobetzeko”.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak adierazi duenez Bermeo beti dago prest herritarren beharrei erantzuteko, eta programa hau ere horren adibide da: “Programa honen bidez, lanik gabe dauden eta lan-baimenik ez duten pertsonei aukera ematen die, lehenengo mailako lanbide ziurtagiri baten bidez, bere egoera soziolaborala erregularizatzeko eta lan duinetara sartzeko, gure udalerriko eta eskualdeko behar errealitate egokittako testuinguruan, irteera erreal eta eskuragarriekin. Aukera erreal bat da itsas-arrantza sektorean aro profesional berri bat hasteko, gure kostaldeko zutabeetako bat”.