Aitor Bizkarra, bigarren itzuliko Bermeoko finalaurrekora sailkatuta
Aitor Bizkarra abadiñarra nagusitu da Zeanuriko Ibarreta frontoian lehiatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen itzuliko lehenengo saioan. Hurrengo finalaurrekoa domekan [azaroak 2] jokatuko dute, Abadiñon.
Aitor Bizkarra, Zeanuriko saioan,Bizkaiko Bertsozale Elkartea Martxan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea: atzo [urriak 27] lehiatu zuten finalaurrekoetako lehen saioa Zeanurin, eta txapelketako lehen saioan egin legez, Aitor Bizkarra abadiñarra nagusitu zen, azaroaren 15ean [zapatua] Bermeon jokatuko den bigarren itzuliko saiorako zuzeneko txartela lortuz.
Ibarreta frontoian batu ziren 525 bertsozaleren aurrean aritu ziren bertsotan abadiñarra, Bittor Altube abadiñarra, Imanol Uria algortarra, Jone Uria getxoztarra, Oihana Bartra bilbotarra eta aurtengo txapelketan estreinatu den Aissa Intxausti lekeitiarra. Beñat Vidal gai jartzailearen agindupean aritu ziren kantuan, eta epaile lanetan, berriz, Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuertes, Marta Ortiz eta Miriam Juaristi aritu iren. Itxaro Juaristik egin zituen idazkari lanak.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Bizkarra eta Uria getxoztarraren arteko lehia estua izan zen, baina lan puntuagarriak 649,5 puntugaz amaitu zituen abadiñarrak, Uriak baino puntu erdi gehiagogaz. Bartrak osatu zuen lehen saioko podiuma, 629,5 puntugaz. Halere Uria eta Bartrak, Uria (615 puntu), Intxausti (594 puntu) eta Altubek (547 puntu) bezala, finalaurrekoen lehen itzuliko saioak bukatzearen zain egon beharko dute Bermeoko eta Markina-Xemeingo finalaurrekoetarako sailkatu diren ezagutzeko.
Hurrengoa, Abadiñon. Etenik barik, domekan [azaroak 2] lehiatuko dute lehen itzuliko bigarren finalaurrekoa, Abadiñoko probalekuan eta horretan Busturialdeak ordezkaritza izango du. Izan ere, bertsotan arituko diren sei bertsolarietatik bi eskualdekoak izango dira: Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra eta Enare Muniategi gautegiz-arteagarra. Intxausti bezala, 2023ko txapelketako finalista izan zen Etxebarriazarraga, eta domekakoa aurtengo txapelketako bere lehen saioa izango da. Beraiekin batera oholtzaratuko dira Gorka Pagonabarraga durangarra, Maite Sarasolda deustuarra, Txaber Altube abadiñarra eta Unai Mendiburu algortarra. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus web orrialdean.