‘Txu’ izaeraren erakusle bihurtu da Merkatu Plaza
Egun osoko egitaraua aurretik izanik, eguraldi txarra ez da oztopo izan Gernika-Lumoko gazteak euren artean komunikatzeko. 62 kuadrilla aurkeztu dira, aurten, paella txapelketara.
Gernika-Lumoko gazteak euren artean komunikatzea bultzatu nahi dute, eta hori lortzeko jaio zen Astelehentxutxu duela hamarkada bat baino gehiago, udalerriko gazteak saretzeko eta jai giroan elkarregaz biltzeko asmoz, Urriko Azken Astelehenaren baitan. Gazteak eta ez hain gazteak batzea helburu, ideia horri tinko eutsi diote belaunaldiz belaunaldi, gaur arte, gernika-lumotarrek.
Astelehentxutxuz goi-goitik ospatzen ari dira, alegia, herritarrak. Nahiz eta eguraldia aldeko ez duten, euren erara bilatu diote konponbidea, aurreikusitako egun guztiko egitarauaz gozatzeko aukera izateko. Hain zuzen, Astrako aparkalekuan egin behar zituztenak Merkatu plazara lekualdatu dituzte, jaiak aurrera jarrai dezan. Eta horrela izan da, ze, goizean, 11:30ak aldera hasi da jendea Merkatu plazara heltzen, infogunearen irekieragaz. Gero, urteroko kuadrillen arteko paella txapelketan murgildu direnez, hori ere prestatu dute goiztiarrenek. Kaudrillaka bildu, osagai guztiak mahai gainean jarri, eta paellak sukaldatzen aritu dira, beti ere, giro herrikoi eta osasuntsua nagusi izan delarik.

62 kuadrillak parte hartu dute aurten txapelketan. Gainera, berezitasun bat ere izan dute aurten; izan ere, orain arte epaimahaiak egiten zuen paella guztien balorazioa, eta beraz, eurek erabakitzen zuten saria nork jaso. Aurten, ordea, kuadrilla bakoitzak beste bi kuadrillen paellak probatu, eta baloratu behar izan dituzte, horrela, denen artean irabazlea erabakiz.
Bazkalostean ere jaiak jarraituko du, ze, beste hainbat ekintza aurreikusi dituzte iluntzera arte elkarren artean komunikatzen jarraitzeko. Hala nola, bingo musikatuak hartuko du paella txapelketaren erreleboa, eta jarraian, olinpiadetan eta karta jokoan murgilduko dira herritarrak. Musikaren esku egongo da, azkenik, egunaren itxiera; horren erakusle izango dira DJ arratsaldea eta gauerako aurreikusitako kontzertuak.