Palestinarekin Elkartasuna plataformatik Elitzur Ramla talde israeldarrari boikot egiteko ideia luzatu dute
Lointek Gernika Bizkaiak azaroaren 25 eta 27an Elitzur Ramla talde israeldarra hartuko du Malosten, azken informazioen arabera. Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek partidu horiek gelditzeko mobilizatuko direla argi esan zuten atzo [urriak 24], Auditorioan egindako agerraldian.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi talde gernika-lumotarrak Eurocup Women txapelketa jokatu beharko du aurtengo sasoian. Multzokako ligaxka fasean dago egun taldea, C taldean, hain zuzen. Horretan, besteak beste, Elitzur Ramla talde israeldarra izango du arerio. Azken astean zabaldutako informazioaren arabera, gainera, azaroaren 25 eta 27an Malosten jokatuko dute israeldarrek Malosten.
Horren aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek agerraldia egin zuten atzo [urriak 24], Gernika-Lumoko Auditorioan, eta horretan, argi utzi zuten Elitzur Ramla taldeari boikota egiteko duten asmoa, besteren artean. Ze, esan dute “oso larria” iruditzen zaiela talde israeldarrek nazioarteko txapelketetan “normaltasun osoz parte hartzea”: “Sionistek palestinarren aurkako genozidioa eta haien izaera koloniala zuritzeko erabiltzen dituzte horrelako kirol ikuskizunnak”.
Partida horren berri izaterakoan, Lointek Gernika Bizkaiako presidente den Gerardo Candinak partida horiek jokatzearen aurkako jarrera adierazi zuela azpimarratu zuten plataformakoek, eta hori, “begi onez” ikusten dutela gaineratu zuten. Hala ere, “ez da nahikoa”, euren hitzetan. Eta, jakinarazi dute partidua bertan behera gelditzeko presioa egitea “herritarren gain” dagoela.
“Azken asteetan erakutsi den bezala, mobilizazioak, presioak eta borrokak behartu egiten dituzte instituzio eta agintariak diskurtsoa aldatzera eta zenbait neurri hartzera, beraien aurpegia zuritzeko asmoz”, luzatu zuten, atzo. Ildo horretatik, “presionatzen jarraitzeko aldarria” egin zuten, “Israelekin harreman oro eteteko bidean”.
Kirolaren esparruak duen garrantzia aipatu, eta kirola eta politika ez nahastearen diskurtsoari aurre egitea beharrezkotzat dutela azaldu zuten. Horren erakusgarritzat jarri zuten La Vuelta-rekin egin zutena, eta jakin badakite kasu honetan ere “argi esan eta egin” behar dutela. Horregatik, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik Elitzur Ramla taldeari boikota egiteko deia luzatu zuten, eta argi eta ozen esan zuten azaroaren 25 eta 27an Malosten jokatuko diren partidak gelditzeko mobilizatu egingo direla.
Gauzak horrela, aipatutakoa aurrera eramateko hurrengo asteetan egingo dituzten batzar eta ekimenen berri eman zuten, eta bide batez, horietan parte hartzeko deia luzatu.