Plaza bat, sektore, herri eta mundu batentzat
Gernika-lumotarrek agendan gorriz markatutako Urriko Azken Astelehena ate joka dago. Azoka oparoaz gain, bertso saioak, gazta enkanteak zein zesta-punta partiduek osatuko duten egitaraua zain dute herritarrek. Azokagunea 09:00etatik 15:00etara arte egongo da zabalik. Bertso saioa 12:00ak aldera hasiko da, gaztaren enkantea orduko.
Zerbait izatekotan, urria azoka hilabetea da gernika-lumotar ororentzat. Izan ere, Urriko Lehen Azokagaz eta bere ganadu azokagaz inauguratzen dute tokiko zein inguruko nekazaritzarentzat eta abeltzaintzarentzat zutabe den hilabetea, eta Urriko Azken Azokagaz biribiltzen dute.
Beste behin lehen sektorearen agertokirik puntakoena izango da Gernika-Lumoko kaleek hartuko dutena. 09:00etatik 15:00etara bitartean, herritarrek denetariko produktuak erosteko aukera paregabea edukiko dute, baita ekoizleen gomendioak bertatik bertara jasotzeko ere. Hain zuzen, Urriko Azken Astelehenak Euskal Herriaren luze-zabaletik bertaraturiko ekoizle, artisau zein baserritarrak hartzen ditu urtero.
Plazaratzen dituzten produktu sortari dagokionez, jakiak dira nagusi: frutak eta ortuariak. Hori bai, postuz postu topatu ahalko diren produktuen zerrenda amaiezina da: sagardoa, txakolina, ogia, esnekiak, kontserba produktuak, gozokiak, eztia edota nekazaritzarako lanabes zein makineria, batzuk aipatzearren.
Urte osoko lanaren lagina.
Bestalde, urriko azoka nagusia urte osoko lanaren erakusle ere bada. Izan ere, astelehenetako azokez gain, ekainetik abendura bitartean, Azoka Bereziak izenekoak egiten dituzte, hilabete bakoitzaren lehen zapatuz. Azoka horiek udalak babestuak dira, esangura handikoak, eta ekoizleen produktu edo jaki baten inguruan lerratu ohi da Azoka Berezi bakoitza; produktu horren salmentagune izateaz gain, harekin kozinatu daitezkeen errezetak ezagutzeko aukera egoten da, baita dastaketatxoa egiteko ere.
Eta, behin dastaketak aipatuta, taloaren maitaleen urteroko hitzordua izango da astelehenekoa; herriko eragile, kirol talde eta eragileek postuak edukiko dituzte, txorizoz nahiz urdaiz hornituriko taloak saltzeko. 12:00ak aldera, Merkurio iturri inguruak hartuko du protagonismoa. Bertsolariak igoko dira lehenik oholtzara: Onintza Enbeita muxikarra, Andoni Egaña zarauztarra eta Sebastian Lizaso azpeitiarra. Jarraian, eguneko gailurretako bat iritsiko da: gazta enkantea.
Azokaguneko postuak batzeak, gainera, ez du egunaren akabua iragarriko: berotasuna Jai Alai zesta-puntaren katedralera lekualdatuko da, 2025/2026ko Eusko Label Winter Series txapelketaren lehendabiziko ligaxka jardunaldia jokatuko baitute bertan.
18:00etan hasita, pilotazaleek bi partiduz gozatu ahalko dute. A multzoko lehiakideei dagokienez, etxeko bi izarretako bat, Unai Lekerika, kantxaratuko da, Alex Goitia markina-xemeindarragaz batera; aurrez aurre izango dituzte Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrak. B multzoko norgehiagokak hiru mutrikuar elkartuko ditu: alde batetik, bikotea osatuko duten Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Mantzisidor; bestetik, udaberrian erretiroa hartuko duen Imanol Lopez zumaiar beteranoarekin jokatuko duen Eñaut Urreisti.
Asteleheneko gailurra harrapatu orduko motorrak berotu gura dituztenek edukiko dute zer egin, zer ikusi eta zertaz gozatu asteburu osoan. Izan ere, bihar [urriak 25] gazteenen txanda izango da, Astelehentxutxu egun berezia tarteko. Etzi, Lilibertsok atonduriko Astelehen Bezperako Bertso Saioa hartuko du Lizeo Antzokiak, 18:00etan.
Etxeko eta talde horretako bertsolari bat oholtzaratuko da, Aitor Etxebarriazarraga; Unai Iturriaga durangarra, Maialen Lujanbio hernaniarra, Alaia Martin oiartzuarra, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Amets Arzallus donibandarra izango ditu bertsokide. Ander Elortegi natxituarra ariko da gai jartzaile. Sarrerak Auzokoan salgai daude, 12 eurotan. Antolatzaileek bertsozaleei bizkor ibiltzeko dei egin diete, sarrerek “hegan” egiten dutela eta.
Urriko Azken Astelehenak bilduko duen jendetzak trafikoan eragin zuzena edukiko du, eta, beraz, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute. Nahitaez autoz bertaratu behar direnek aparkaleku esanguratsuenetara jo beharko lukete zuzenean, erdigunea zarratuta egongo baita; Santa Ana, San Kristobal eta Zearretako aparkalekuak dira aproposenak. Izan ere, erdigunea trafikoarentzako zarratuta egongo da, gaurko 08:00etatik eguazteneko 10:00ak arte.
Euskotrenek zerbitzu berezia emango du
Euskotrenetik aditzera eman dutenaren arabera, hilaren 27an, ohiko tren zerbitzua “indartu” egingo dute, Urriko Azken Astelehena tarteko. Joan-etorriak erraztu asmoz, egun osoan tren bereziak ibiliko dira E4 Matiko–Gernika–Bermeo linean, eta zerbitzua areagotuko dute jende gehien espero den ordu tarteetan.
Aipatutako linearen bi noranzkoetan (Matikotik Bermeora zein Bermeotik Matikora), trenen maiztasuna ordu erdikoa izango da, “puntako orduetan irteera bereziak” eginez. Horrez gain, Gernika-Lumoko Institutuko geralekua zerbitzuz kanpo egongo da egun osoan; Lurgorrikoa, ostera, 09:00etatik aurrera egongo da zerbitzuz kanpo.