Izan ere, beraiek paisaia guztia aldatzen ikusi dute, kolore horiko paisaitik inguru berdera. “Gazteok Euskal Herri atlantiko berde bat ezagutu dugu, basoa nagusi dena, dena lantzarra. Baina paisaia hori lehen oso desberdina zen. Ortofotografia historikoak ikusiz gero, 1950ko argazkietan ikusten da orain Araba denaren antza gehiago zutela Bizkaiak eta Gipuzkoak. Dena partzela landuta zen”, gogoratu du ekoizleak. “Orain dena bedarra dago, basoa, eta sekulako aldea dago”, berretsi dute andreek, lehen sasoi honetan, erremolatxak landatuko lituzkeela gehituta.
Amezaga: “Momentu horretan ez ginen konturatu garia ez landatzeak hazi horiek galtzea ekar zezakeela”
Gari landatzea uztearen arrazoiak ez dira faktore bakar baten ondorio, eraldaketa sozioekonomiko eta teknologikoen bateratze baten ondorio baizik, eta horietako asko aldi berean edo denbora-tarte labur batean gertatu ziren. “Guri kontatu digute garia galdu zela ez zelako errentagarria eta ezin zelako industrializatu. Araba eta Nafarroan mekanizatu eta industrializatu egin ahal izan zenez, mantendu egin dela, baina, ikertutakoaren arabera, arrazoiak ez ziren bakarrik gaixotasunak zekartzala eta ez zela errentagarria izan. Garia galtzen hasi zen sasoiak bat egiten du baserriaren beraren galerarekin, baserria ekoizpen modura ulertuta. Izan ere, jendea industria gunerantz joaten hasi zen. Arrazoi sozioekonomikoak izan ziren”, dio Amezagak.
Faktore horien –nekazaritzakoak, egiturazkoak eta kulturalak– konbinazioak garia Errigoitiko landa-ekonomian eta bizitzan funtsezkoa izatea uztea ekarri zuen. “Gizartea aldatzen joan zen, eta bizimoduak asko aldatu ziren. Ganaduak ekarri zituzten, urte batetik bestera”, gogoratu dute andreek.
“Momentu horretan ez ginen konturatu garia ez landatzeak hazi horiek galtzea ekar zezakeela, eta orduan herri baten elikadura burujabetza edo herri baten elikadura autonomia galduko zela”, uste du Amezagak, eta hori elikagai askorekin gertatu zela gogoratzen dute emakumeek, “artoarekin kasu”.
Garia ez zen baserriko laborantza marjinala izan. Protagonismo handia izan zuen, Bizkaiko euskarazko egutegi tradizionalak ere bere faseei erreferentzia zuzena egiten baitie: garile (uztaila) – gariaren hilabetea, uztagatik; hazile (azaroa), haziaren hilabetea, ereintzagatik; eta, jorraile (apirila) lurra batzeagatik.
“Lehen auzoak ziren norberaren etxea. Denon kontuez arduratzen ginen, elkarri laguntzen genion“
Garia galtzeagaz batera, bizimodu aldaketa etorri zen. “Lehen denak elkarregaz, auzolanean ibiltzen ginen. Eta hori aldatu egin da. Lehen auzoak ziren norberaren etxea. Denon kontuez arduratzen ginen, elkarri laguntzen genion”, diote baserritarrek. Auzolean egiten zuten dena: “Gaur egun egiten dena baino auzo lan gehiago egiten genuen. Derrigor lagundu behar genion elkarri”. Gari-jotzean ere elkarregaz ibiltzen ziren, domeketan ez, abadeak debekatu egiten zielako lan egitea, eta “baimena eskatu” behar omen zuten.
Baina, nolakoa zen bertoko garia? Egungo gari modernoaren aldean —genetikoki aldatu dute industriarako egokia izateko— ezaugarri konkretu batzuk zituen. “Ikusten diren gariak belauneraino ailegatzen dira, baina hemengoa altuagoa zen, lasto gehiago zuen, luzeagoa. Bizarrik gabekoa zen batzuena, eta bizarduna besteena. Uste da landare bat eta bakarra dela, baina barietate pila bat daude. Eta seguru bakoitzak bere hazia mantenduta, bere gari barietatea zeukala”. Gariarena dena aprobetxatzen zela gehitu dute andrek: lastoa ganaduarentzako ere izaten zela esanda, eta argindarrik ez zegoenean “txola piztu eta argia egiten” zutela gogoratuta.