Urrats erabakigarria saneamenduarentzat
Ajangizko bizilagunek urte luzez pairatu dute arazo bera: herriko saneamendu-sistema zaharkitua ez da egokia izan ingurumenaren eta osasun publikoaren ikuspegitik. Bazterreko erreka eta inguruko landa-eremuetan, putzu septiko zaharren bidez egiten da hondakinen tratamendua, baina sistema horiek ez dute behar bezala iragazten. Ondorioz, bertatik ateratzen diren likido kutsatuek eta zikinak usain txarra zabaltzen dute, batez ere udako hilabete beroetan, eta gainera, lurzorua bigundu eta zikinkeria azaleratzen dute.
Horrek guztiak eragin zuzena du Oka ibaian: Ajangizko hondakin-uren zati handi bat ibaira isurtzen da, batzuek zuzenean eta beste batzuek 200 edo 300 metroko bide bat eginez. Inguruan bizi diren nekazariek salatu dute, askotan, traktoreekin pasatzea ezinezkoa dela putzuen inguruan sortzen den lokatz irazkorra dela eta. Gainera, azken urteotan, inguruko ardi eta zaldi batzuk hil dira kutsatutako ura edateagatik. Egoera horrek kezka eta haserrea sortu ditu herrian, eta bizilagunek behin eta berriz eskatu dute irtenbide bat.
Azken hamabost urteetan, Ajangizko Udalak hainbat bide jorratu ditu arazoari irtenbidea bilatzeko. Duela 12 urte, Busturialdeko Ur Partzuergoarekin elkarlanean, plan integrala diseinatu zen herriko saneamendua Gernikako hodi biltzaileari lotzeko. Hala ere, krisi ekonomikoaren ondorioz, proiektua bertan behera gelditu zen. Ordutik, egoerak bere horretan jarraitu du, eta urteen poderioz, herritarren ezinegona areagotu egin da.

Azken urteotan, Bizkaiko Ur Partzuergoan, Urdaibaiko Plan Estrategikoaren bileretan eta herri asanbladetan etengabe azaldu da herriko egoeraren larritasuna. Hainbat txosten eta eskaera aurkeztu dira erakundeetan, Oka ibaiaren kutsadura geldiarazteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Ahalegin horien emaitza iritsi da orain: Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak, Ura Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostu dute Ajangiz eta Muxika arteko saneamendu-sarea Bermeora doan hodi biltzaile orokorrera lotzea. Udaletik azaldu dutenez, proiektuaren idazketa Gabonetan egitea espero da, eta lanak 2026ko lehen hilabeteetan hastea aurreikusten da.
Udalak gogorarazi du aurretik ere sinatu zela hitzarmen bat erakundeekin, baina ez zela bete. Oraingoan, ordea, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren eta Foru Aldundiaren proiektua gauzatzea espero da. Proiektuaren bidez, herriko putzu septikoetatik isurtzen diren hondakin likido kutsagarriak ez dira Oka ibaian amaituko baizik eta Kolektor Orokorrari lotuko zaie. Bermeora joateko bidean hondakinak depuratuko dira eta Itsaso zabalean isuri