Aurrekontu parte hartzaileetako proposamenak biltzen hasi dira
Bermeon erroldatutakoek azaroaren 2ra [domeka] arte dute fisikoki zein elektronikoki proposamenak aurkezteko aukera. Proiektu irabazlea abenduaren 1etik 5era bitartean iragarriko dute.
Azaroaren 2ra arte aurkeztu daitezke proposamenak, fisikoki zein elektronikoki.Bermeoko Udala Bermeoko Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua abiarazi du, hirugarren urtez. Modu horretara, herritarrek 2026ko udal aurrekontuaren zati bat nora bideratu aukeratu ahal izango dute. Prozesuak hainbat fase izango ditu, lehenengoa proposamenak egitekoa izanik. Hala, bermeotarrek azaroaren 2ra [domeka] arte izango dute gehienez ere 50.000 euroko aurrekontua izan dezakeen ideia eta proposamenak aurkezteko aukera.
Proposamenak egiteko mometuan, bermeotarrek kontutan hartu beharko dute proiektuek zenbait ezaugarri bete beharko dituzte, bestela, publikoak diren udalak onartutako oinarrietan jaso bezala, ez baliagarritzat hartuko dituzte. Hala, aurkeztutako ideiek interes orokorrekoak eta “udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak” izan beharko dute. Proposamenak inbertsioa edo urteko bateko kontratua izan beharko dira. Gehienez 50.000 euroko aurrekontukoa izan beharko dute eta zenbateko horretara iristen ez bada, soberakina “zerrendako beste proiektu batera” bideratuko da. Udaletik jakinarazi dutenez, herritarrek botatako ideiak aztertu eta oinarriak betetzen dituztela ziurtatzeko mahai bat osatuko dute, teknikari eta ordezkari politikoek osatuko dutena.
Proposamenak aurkeztea.
Udaletik herritarren proposamenak biltzeko bide ezberdinak zabaldu dituzte, fisikoki zein elektronikoki egiteko aukerak ahalbidetuz. Fisikoki egin gura dutenek Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, liburutegian, Areneko kiroldegian eta Sancti Spiritus zaharren egoitzan jarritako kutxetan dute horretarako aukera; bestetik, elektroniko egitea hautatzen dutenek, karteletan agertzen den QR kodea erabilita egin dezateke. Udaletik gogoratu dute, NAN edo AIZ duten adin guztietako bizilagunek parte hartu ahal dute, beti ere, Bermeon erroldatuta badaude.
Aurrekontu parte hartzaileetako proiektu irabazlea aukeratzeak fase ezberdinak izango ditu, eta azaroaren 2ra artekoa lehenengoa izanik. Azaroaren 3tik 7ra “bideragarritasun teknikoaren azterketa” egingo dute, baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, eta azaroaren 14ean [barikua] argitaratuko dituzte aurrera jarraitzen duten proiektuak. Herritarren esku geratuko da ontzar eman diren proposamenen artean bozkatzearen ardura, eta horretarako epea azaroaren 14tik 30era bitartean izango da. Zenbaketa eginda, abenduren 1etik 5era emango du udalak proiektu irabazlearen berri.