Klima eta Energia Plan-Integratua lantzeko herritarren iritziak jasoko dituzte
Busturia "jasangarriagoa" eraikitzeko herritarren parte hartzea "funtsezkoa" dela adierazi du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. Herritarrek bi astez erantzun ahal izango dute galdetegia, bai udaletxean, bai sarean.
Busturiak bere energia sortu eta trantsizio energetikorako bidea hartu gura du, eta horretarako, datorren urteetan garatuko dituzten ekintzak finkatu eta horien eragina baloratzea ahalbidetuko duen Klima eta Energia Plan-Integratua landuko dute. Prozesuan “herritarren iritziari garrantzia” eman gura dio Busturiko Udalak, eta busturiarrek erantzuteko galdetegi bat zabaldu dute.
Badira urte batzuk Bizkaia, Araba eta Gipuzkoak Europak 2008an finkatutako 20/20 helburuak betetzeko konpromisoa hartu zuela; urteen joan etorriagaz, baina, Europar Kontseiluak helburu berriak finkatu zituen 2030. urterako: Berotegi Efektuko Gasen isuriak %40 murriztea, Energia Berriztagarrien ekarpena kontsumoaren %32 izatea eta Energia Primarioaren kontsumoa %32 murriztea.
Erronka horiei erantzun ah klima eta energia plan baten “beharra” nabarmendu du, horregatik “gutxienez 20 urterako ibilbidea” finkatuko duen plana garatuko dute. Plan integratuak, Europar Batasunaren helburuak betetzeaz gain, erregai fosilen kontsumoa murriztea eta energia-probeziagaz amaitzea ere izango ditu helburu nagusien artean.
Galdetegia.
Egungo egoera aintzat hartuta, udalak Busturiko datuen inbentarioa egin du. Orain, hainbat gaiatan busturiarren iritzi eta proposamenak bildu gura dutezte. Hala, Busturian garatu daitezkeen energia eta jasangarritasun arloko ekintzak (plaka fotovoltaikoak non kokatu, bero sarea sortu…) proposatzeko eskatu diete herritarrei. Era berean, energia berriztagarrien ezagutzeko zenbatekoa den jakin gura dute, baita inbertsio-ahalmenari edota amortizazio-epeei buruzkoa ere. Azkenik, pobrezia energetikoaren arloko herri mailako daturik biltzerik lortu ez dutenez, udalerriko etxetako “energia-kontsumoari buruzko datuak” eskatu dituzte.
Galdetegia sarean zein paperean erantzun daiteke. Idatziz aurkeztu gura dutenek udaletxean eskatu edota udaleko webgunetik deskargatu dezakete, eta gero udaletxean bertan entregatu. Erantzuteko epea “bi astekoa” izango da, eta Aitor Aretxaga Busturiko alkateak zehaztu duenez, herritarren parte hartzea “funtsezkoa” izango da Busturia “jasangarriagoa” eraikitzeko.