Gorroño: "Bakea erantzukizun kolektiboa dela sinisten dugunon ahotsa da Gernika-Lumo"
Bakearen aldeko nazioarteko NBEren topaketan parte hartu du Jose Mari Gorroñok Sarajevon. Gernika-Lumok memoria historikoarekin, elkarrizketarekin eta nazioarteko lankidetzarekin duen konpromisoa indartu zuela diote.
Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetuaren aldeko (A call for Peace, the End of Wars and Respect fot International Law) nazioarteko foroan parte hartu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Sarajevon. Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC) eta Religions for Peacek Bosnia eta Herzegovinako Kanpo Arazoetako Ministerioaren, Sarajevoko Udalaren eta herrialdeko Erlijioen Kontseiluaren laguntzarekin zein Nazio Batuen Erakundearen babesagaz antolatutako deialdian izan ziren eguenetik (urriak 16) zapatura (urriak 18) bitartean, Gorroñoz gain, nazioarteko erakundeetako hainbat ordezkari, erlijio buru, akademiko eta herrien arteko bakea eta elkar ulertzea eraikitzeko konprimisoa duten gizarte zibileko hainbat kide.
Nazio Batuen Zibilizazioaren Aliantzak eta Religions for Peace elkarteak antolatutako bigarren ekitaldia izan zen Sarajevokoa, Bosnia eta Herzegovinako bakearen 30. urteurrenagaz bat egin zuena, eta apirilean Gernika-Lumon egindako bakearen aldeko nazioarteko lehen topaketari jarraipena eman ziona.
Bere hitzaldian, Gorroñok Gernikako memoria bakearen eta giza eskubideen mundu mailako ikur gisa bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta udalerriak nazioarteko lankidetza, justizia eta elkartasun balioekin duen “konpromisoa” berretsi zuen. “Sufrimenduaren memorian oinarrituta, bakea erantzukizun kolektibo bat dela sinisten dugunon ahotsa da Gernika-Lumo”, adierazi zuen alkateak bere parte hartzean.
Hitzaldiez gain, elkarrizketarako topagune bat ere izan zen nazioarteko foroa, mahai inguruak egin baitzituzten erlijio ordezkariekin, gazte eta emakumeen erakundeekin, akademikoekin edota hainbat kultur ordezkarirekin ere.
Hala, Gernika-Lumok foro horretan parte hartzeak bakearen eta nazioarteko ikur gisa duen zeregina indartzen duela diote udal ordezkariek: “Gernika-Lumoko Udalak bere nazioarteko proiekzioa eta Gernika Sariak inspiratzen dituzten balioekiko konpromisoa sendotu zituen, bakea eguneroko justiziatik, enpatiatik eta herrien arteko lankidetzatik eraiki behar dela dioen mezua bultzatuz”.
