2026ko egutegirako argazki lehiaketa, abian
Nabarnizko Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, abian da 2026. urteko egutegirako argazki lehiaketa. Beste behin, izaera herrikoia edukiko du lehiaketak, udalerrian erroldatuta duden herritar guztiek parte hartu ahalko baitute —udaletxeko beharginek eta udal ordezkariek izan ezik—, eta horrexetarako deialdia egin dute antolatzaileek. Parte hartu gura dutenek azaroaren 21eko 14:00ak bitarteko epea dute.
Lehiaketaren baldintzei dagokienez, azaldu dute aurtengo langaia Gure zuhaitz eta zuhaixkak izango dela, eta horri buruzko zehaztapenak ere eman dituzte: bertoko landareei atera beharko zaizkie argazkiak, eta ez exotikoak edota kanpotik ekarritakoak direnei. Halaber, argazkian ageri den zuhaitz nahiz zuhaizka motaren izena jakinez gero, haren izena zehazteko eskatu dute. Partaide bakoitzak gehienez hiru argazki aukeztu ahalko ditu lehiaketara, baina argazki bakarra argitaratuko dute; parte hartzaile kopurua beharrezko argazki kopurua baino murritzagoa izango balitz, aurreratu dute bigarren argazki bat hautatuko luketela iragarri dute.
Argazkiak horizontalak izan beharko dira, koloretan zein zuri-beltzean. Kalitate handiko bereizmena hobetsiko dute: gutxienez 2 Mb edo 4000×3000 pixelekoak. Posta elektronikoa baliatu beharko da, aurkezterako orduan; udala@nabarniz.eus helbidera bidali beharko dira, JPG formatuan. Proposamenak aurkezterako orduan, argazkiek ezin izango dute egilearen izen-abizen, sinadura zein bestelako identifikazio daturik eduki. Bestalde, argazkiei azaleko edizioa egitea onartuta egongo da, baina ez, ostera, jatorrizko irudia aldatu dezakeen elementurik kentzea edota txertatzea. Aukeraketa egiteko ardura duen aditu taldeak zalantzarik edukiko balu, jatorrizko artxiboa eskatzeko eskumena edukiko luke. Aditu talde hori, hain zuzen ere, udalaz kanpokoa izango dela argitu dute. Epaileon hautua udalak web orrialdean emango du argitara.
Aipatutako oinarri eta badintza horiek onartzerakoan, parte hartzaileek aurkeztutako argazkien egileak eta horien eskubideen titularrak direla onartuko dute, baita horiek erreproduzitzeko eskubidea doan ematen dutela ere. Ez hori bakarrik: argazkian pertsonaren bat agertuz gero, horren idatzizko baimena aurkeztu beharko dute. Beste alde batetik, onartuko dute argazkiak inori kopiatuak edo lapurtuak ez direla. Egutegirako aukeratutako argazki bakoitzak 50 euroko ordainsaria edukiko du.