Udal hondakinen kudeaketa tasa berria, legea betetzeko
Hondakinen kudeaketaren kostu osoa estali eta ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legea bete asmoz, Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa tasa berria onartu du. Tasa igoera aho batez onartu dute.
Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa tasa berria onartu du gaur goizeko ez ohiko osoko bilkuran, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legea bete asmoz. Izan ere, lege horren arabera, erakundeek tasa espezifiko, bereizi eta ez-defizitario bat ezarri behar dute hondakinen kudeaketa guztiaren kostuei aurre egiteko. Hau da, legeak hondakinen kudeaketa gastuak sortzen dituenak ordaindu behar dituela zehazten du, “bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera”. Kudeaketa tasa aho batez onartu dute, EH Bildu, Guzan eta EAJren aldeko botoekin.
Udalak, tasa berria ezarrita, eredu bateranzko biden “lehen urratsa” emango du. Neurri berria bi kuotatan banatuko dute; batetik, erabiltzaile guztientzat berdina izango den tasa finkoa eta, bestetik, hondakinen sorreratri eta ahalmen ekonomikoari lotutako “parametro objektiboetan” oinarritutako kuota bereizia.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak azaldu duenez, lehen fasean kuota bereizia etxebizitzetan eta zerbitzuetan ezarriko da. Etxebizitzen kasuan, tasa “etxebizitza bakoitzean bizi diren pertsonen kopuruaren arabera” zehaztu dute eta hiruhilekoan ordaindu beharrekoa 50,84 euro eta 58,36 euro bitartekoa izango da. Zerbitzuei dagokienez, “jardueraren izaera eta establezimenduen azalera” izango dituzte kontuan. Azaldu dutenez, kuota bereizia ezin izan dute oraindik epigrafe guztietan ezarri, esaterako industria eta beste kategoria batzuetan, ez izan dituztelako jardueraren, langile kopuruaren eta azaleren datu guztiak “zehaztasunez” lortu: “Kuota horietan kuota finkoak bakarrik ezarri dira”. Trasteleku eta lokal hutsekin, berriz, epigrafe berri bat sortu dute, jarduera eta okupatzailerik ez dutenez ez dituztelako beste epigrafe guztien sailkapen-irizpideak betetzen.
“Ez dugu tasa hau igo gura izan, baina gauza bat da gura duguna eta beste bat egin ahal duguna. Legea bete behar dugu”, adierazi du alkateak. Legea bete eta tasa “objektiboagoa eta sozialki orekatuagoa” izan dadin, neurria “herritarrak zainduz, herriko merkataritza babestuz eta etorkizunerako bide argi batekin” hartu dutela zehaztu du: “Tasa igotzea ez da erraza, eta jakin badakigu ez dela neurri herrikoia, baina zintzotasunez esan behar dugu: Ez gaude hemen titular errazak egiteko, ardura hartzeko baizik”.
Prozesu “oso konplexua”. Tasaren garapena eta datuen bilketa “zehatzagoa” egin eta legeak esan bezala “sortzen duenak ordaintzea” printzipioa bete asmoz, hiru alderdi politikoek lan-mahaia eratu dute. Izan ere, Nemehk adierazi duenez kudeaketa tasa aldatzeko prozesua “oso konplexua” izan da, atzean lege bat dagoelako: “Hau lehenengo pauso bat baino ez; etorkizunean beste hainbat pauso eman beharko ditugu, izan ere, heldu egin behar gara bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzera. Legeak behartzen gaitu hondakinen kudeaketaren kostu osoak estaltzera, eta hori da hartu behar dugun bidea”.

Xabier Ortuzar alkateordea eta Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, osoko bilkura osteko prentsaurrekoan.
Alkateak kudeaketa tasa legeabren betebehar bat dela gehitu du, eta isolatutako neurria ez dela argituz. Izan ere, apirilerako ezarrita egon behar zuen neurriak baina prozesua “konplexua” denez, tartea eman diete: “Helburua da zerbitzuaren kostuak modu justu eta jasangarrian banatzea, eta ekonomia zirkularraren printzioekin bat egitea”.
Era berean, neurria hartzean udalerriko autonomo eta enpresa txikiak kontuan izan dituztela azpimarratu du Nemehk, legeak ematen dituen aukeren artean haientzat inpaktua “ahalik eta txikiena” izatea bilatu dutela zehaztuz. Horrez gain, hobari guztiak bere horretan mantendu direla eta etorkizunean “hobari berriak sartu ahal izateko” legeak ematen dituen aukera berriak aztertuko dituztela iragarri du.
Mekanikodun ibilgailuen zerga. Udal hondakinen kudeaketa tasaz gain, gaurko ez ohiko oso bilkuran mekanikodun ibilgailuen gaineko zerganen ordenantza fiskalaren aldaketa ere onartu da, gehiengo soilez. Izan ere, udal gobernuko alderdiak diren EH Bildu eta Guzanek alde bozkatu dute, EAJk, berriz, kontrako botoa eman du. Onartutako ordenantza berriagaz, zerga %11 igoko da.
Xabier Ortuzar alkateordeak aipatu duenez, 2021. urtean egin zen zerga horren azken eguneraketa eta geroztik, KPIren igoera “%20tik gorakoa” izan da. Hala, udal gobernu taldearen ustez, igoera “neurrizkoa” da egoera ekonomiko berrira egokitu eta “udal zerbitzuen jasangarritasuna bermatu ahal izateko”. Idoia Platas EAJko zinegotziak, berriz, igoerak bai udalean bai herritarrengan duen benetako eragina ezagutzeko eta “politika fiskal zuzena” egiteko zerga guztiak batera aztertu beharko liratekela defendatu du. Hala, alderdi jeltzaleak kontrako botoa eman dio zergaren ordenantza fiskalaren aldaketari