Tren geltokiaren ingurua txukundu du udalak
Foruko Udalak tren geltoki inguruko aparkalekuak egokitu eta berdegune berri bat sortu du. Era berean, elizatik barnetegira arteko argiteria publikoa aldatzeko lanak martxan dituzte.
Argazkia: Foruko Udala Foruko Udalak, garraio publikoaren erabilera sustatu nahian, udalerriko tren geltokiaren ingurua “txukuntzea” erabaki du. Espazio publiko hori gune “berezi” batean kokatuta dagoenez, esku-hartzea ezin izan da “gogorregia” izan, besteak beste, Uraren Euskal Agentzia eta Euskal Trenbide Sarea tartean daudelako. Beraz, ezin izan dute asfaltoa bota edo “ganorazko” aparkalekurik egin. Horregatik, material iragazgaitzak erabilita bertan zeuden aparkalekuak egokitu eta berdegune bat irabaztea erabaki dute.
Horrez gain, orain arte erdian kokatuta egon den argiteria ere berdegunera lekualdatu dute, ibilgailuentzat lekua irabaziz, mugikortasun aukera hobeak eskaintzeko. Lehen lan horiek bukatuta, berdegunean belarra erein dute, eta “laster” landare apaingarriak ere jarriko dituzte, zuhaitz eta zuhaixkak, esaterako.
Lanak udaleko hirigintza sailak gauzatu ditu, kanpoko diru laguntzarik gabe, eta jakinarazi dutenez, inbertsioa ez da handiegia izan. Era berean, Eleizalde auzoko argiteria publikoa aldatzeko lanak hasi dituzte; esku-hartzea elizatik AEKko Barnetegiraino iritsiko da. “Aparkalekua eta argiteria baldin badaude, bidegorria bertatik sartuko denez, geltoki ingurua guztiz bukatuta geratuko da”, adierazi du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak.

Argazkia: Foruko Udala