Palestinaren aldeko elkartasun oihu "erraldoia"
Hego Euskal Herrian Palestinaren aldeko elkartasun eguna da gaurkoa [urriak 15], eta sindikatuek deitutako lanuzte eta greba deialdiak "erantzun zabala" izaten ari dira. Gernika-Palestina elkarteak 19:30erako burrunbadak deitu ditu udaletxe aurrean.
Milaka langile eta herritar kalera atera dira gaur (urriak 15) Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Sindikatu nagusiek deituta protesta jendetsuak egin dituzte herri eta hiri askotan, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Israelen aurkako presioa areagotzeko. Elkartasun ariketa “erraldoia” izan dela nabarmendu dute. Lanuzte eta grebak ez dira erabat bateratuak izan, ELAk bere aldetik egin baititu protestak. Bestalde, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Soludari, Etxalde eta Hiru sindikatuak elkarregaz atera dira kalera. Hala ere, mezua berdina izan da: erakunde publikoei, gobernuei eta patronalei eskatu diete Israelekin eta hango enpresekin dituzten harremanak eteteko.
Sindikatuen arabera, Palestinaren aldeko mobilizazioak “jarraipen handia” izaten ari dira. Jakinarazi dutenez, 110.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eguerdian hiriburuetan egin dituzten mobilizazioetan. Baina, hiriburuetako eguerdiko mobilizazioetara joan aurretik, langile asko elkarretaratzeetan elkartu dira euren lantokien aurrean, Palestinaren kontrako genozidioa eta okupazioa salatuz. Enpresa zein erakunde askotan nabaria izan da geldialdia, adibidez, Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzan, Natxituko Egoinen eta Gernika-Lumo eta Bermeoko udaletan. Hezkuntzan eta horri lotutako beste sektoreetan egun osorako greba orokorra deitu dute, eta horren jarraipena ere, goizean goizetik “zabala” izan dela adierazi dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko irakasleen %42k bat egin dute greba deialdiarekin. Lan kontratuko langileen %45ek ere babestu dute mobilizazioa. Sukalde eta garbiketa zerbitzuetako langileen %32k eta %12k bat egin dute, hurrenez hurren. Datu horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 467 ikastetxe publikotan bildu dituzte (guztizkoaren %85). Sindikatuek aurretik emandako datuen arabera, baina, grebak jarraipen zabalagoa izan du ikastetxeetan: %60koa sare publikoan eta %80koa ikastoletan. Esan dute ia eskola-jantoki guztiak ixteko iragarpena egin dela.
Sektore publikoan ere, azpikontratek barne, grebak eta mobilizazioek eragin handia izan dute Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan, justizia administrazioan eta unibertsitateetan, eta zenbait udal ere itxi egin dituzte, sindikatuen arabera.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak adierazi du “elkartasun internazionalista ariketa erraldoia” izaten ari dela gaurkoa: “Euskal langileok berriro argi utzi dugu palestinar herriarekin gaudela. Milaka eta milaka langile atera gara kalera; lanuzte eta mobilizazio eguna arrakasta handi bat izaten ari da”. Palestinaren alde mobilizatzen eta presioa egiten jarraitu beharra dagoela azpimarratu du, batetik, su-etena gauzatu dadin, eta Israeli eraso oro etetea eskatzeko, egun oraindik hildakoak badaudelako: “Horrek lagundu behar du Gazako gosetea arintzen, lagundu behar du Gazako herritarren egunerokoa hobetzen”. Palestinar herriak aske izateko eskubidea duela berretsi du, “Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino”. Eta horrek konponbide “integralak” eskatzen dituela gogoratu du: “Presoen etxeratzea, horrela nahi duten errefuxiatuen etxeratzea, kolonizazio eta okupazioarekin amaitzea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea”
Sindikatuko kideak izanda, langileen egoerari erreparatu behar dietela ere esan du: “Begi bistakoa da Gazan egunerokoan bizi baldintza duinak ez daudela ziurtatuta, baina Zisjordaniako egoeran ere azpimarra egin nahi dugu, kolonizazio egoerak langileen egoera kaltetzen duelako, prekarietatera kondenatzen dituelako”. Genozidioa eragin dutenak epaitu egin behar direla eta Israel isolatu egin behar dela nabarmendu du: “Israel estatu genozida da, eta genozidioa ezin da zigor gabe geratu. Israelekin harremank eten egin behar dira, boikota egin behar zaio, maila sindikalean, maila instituzionalean eta baita maila komertzialean ere. Horregatik, gaur bereziki Confebask eta Cen enpresaburuen konfederazioei mezu bat bidali esanez interpelatu ditzatela enpresak; enpresei argi eta garbi esan diezaiotela Israelekin dituzten harremanak errebisatzeko, harreman horiek eteteko, genozidioarekin, kolonizazioarekin ezin delako negoziorik egin”.