ELAk enpresa eta gobernuei exijitu die Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko
ELAk dio lanuzteen jarraipenak "argi utzi" duela enpresek eta gobernuek harreman guztiak eten beharko lituzketela Israelekin. Hori adierazteko Gernika-Lumoko udaletxean egin dute elkarretaratzea.
Israeli boikota egiteko lau orduko lanuzte orokorra deitu du gaurko (abenduak 15) ELAk, eta deialdiagaz “milaka eta milaka herritarrek” bat egin dutela jakinarazi du sindikatuak. Horietako batzuk Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean batu dira elkarretaratzean, eta Israelekiko boikota exijitu dute bertan ere. Izan ere, ELAk enpresa eta gobernuei exijitu die Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko.
Gernika-Lumoko elkarretaratzean Gazan hildako palestinarren kopuru ofiziala erakutsi dute zenbait karteletan, joan den domekara arte Israelen azken oldarraldian Gazan 67.194 hil direla azpimarratzeko.
Baina, Gernika-Lumon ez ezik, hiriburutean ere elkartu dira ELAk egindako deialdiari erantzuteko, eta sindikatuak dio lanuzteen jarraipenak “argi utzi” duela enpresek eta gobernuek harreman guztiak eten beharko lituzketela Israelekin, jarraipen ona izan baitu euren deialdiak. Hezkuntzan eta horri lotutako beste sektoreetan egun osorako greba orokorra deitu dute, eta horren jarraipena ere, goizean goizetik “zabala” izan dela adierazi dute.
Gaurko mobilizazioek izandako erantzuna ikusita, Lakuntzak nabarmendu du Euskal Herriak Palestinaren alde mobilizatzeko gaitasuna erakutsi duela mezu argi batekin: “Ezin zaio ezer erosi edo saldu Israeli. ELAk Palestinako auzian ere Euskal Herriaren berezko ahotsa aldarrikatzen du, mobilizazio ugarietan erakutsitako koherentzia historikotik: mezu zuzena da harreman justifika ezin eta lotsagarri horiek oraindik mantentzen dituzten enpresentzat”.
Mikel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak gaur (urriak 15) esan du herri palestinarrarekiko elkartasunak “presioa eta mobilizazioa” indartzea eskatzen duela, genozidioa eta Gazako herritarren aurkako bonbardaketak “behin betiko” gelditzeko, “baina baita amaiera emateko apartheid sionistaren sistemari eta genozidioa ahalbidetzen duen palestinarren lurren okupazioari ere”.
ELAk uste du Trumplen Plana Palestinaren okupazioaren jarraipena bermatzeko plana dela, etenaldi bat lortzea “ez baita nahikoa palestinarrak hil ez ditzaten”. Ondorioz, okupazioaren amaiera eta Israelgo “apartheid erregimenaren gaitzespena” exijitu dituzte, baita Palestinari herri aske gisa existitzea eragozten dion edozein politika amaitzeko ere.
Hala, Lakuntzak gaineratu du “betebehar etikoa” dela Europako erakundeen “hipokresia” salatzea, “Espainiako Estatuko gobernuarena, eta Imanol Pradales eta Maria Chiviterena barne”. Izan ere, uste du Euskal Herriko alderdiek eta gobernuek erabaki egin behar dutela Israelgo Gobernuarekin harremanak hautsiko dituzten edo ez eta boikota defendatuko duten edo ez. “Euskal Herriko erakundeek eta Espainiako Estatuak bat egin behar dute nazioarteko salaketekin, eta gizateriaren aurkako krimenak egiten dituztenak nazioarteko justiziaren aurrean ager daitezen jardun behar dute”.