Klima aldaketa arintzeko eta udalerria horretara egokitzeko plan integratua osatu dute
Muruetako Udalak urriaren 15ean [eguaztena] aurkeztuko die herritarrei bi lerro estrategiko nagusitan egituratzen den Klima-aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua (2024-2044) lanketaren xehetasunak.
Iraunkortasunean erreferente bihurtu eta ingurumenarekiko errespetuagaz duen konpromisoa berretsi nahian, Muruetako Udalak Klima-aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua (2024-2044) osatu du. Planak klima-egokitzapenerako, emisioak arintzeko eta trantsizio energetikorako hamaika jarduera zehatz barnebiltzen ditu, urriaren 15ean [eguaztena] muruetarrei aurkeztuko dizkietenak. 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxeko bilkura aretoan.
Udaletik zehaztu dutenez, klima-aldaketa arintzeko energia-erabilera eraginkorragoa izatea, isuriak murriztea eta “energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-banatua” handitzea izango ditu ardatz. Izan ere, plana egitean Muruetako kontsumoen inbentarioa egin behar izan dute, isuriak kuantifikatuz. Hasteko udalerriko kalteberatasun azterketa gauzatu zuten, arrisku nagusiak zehazteko. Etorkizuneko egoera berrien aurreikuspenak ere landu zituzten, “saihestezinak” diren klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko proposamenak bilduz.
Julen Karrion Muruetako alkatea: “Plan honen bidez, oraingo eta etorkizuneko oinarriak eta konpromisoak finkatzen ditugu”
Julen Karrion Muruetako alkateak adierazi duenez, hainbat urte daramatzate eraginkortasun energetikoaren arloan ekintza ezberdinak garatzen eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten: “Plan honen bidez, oraingo eta etorkizuneko oinarriak eta konpromisoak finkatzen ditugu. Ingurumen ibilbide-orri bat da, egungo egoera aztertzeko aukera ematen diguna eta epe-labur, ertain eta luzerako helburuak planteatzen lagunduko diguna”. Izan ere, 20 urterako plana da, eta denbora tarte horretan udalerrian garatuko diren hainbat ekintza zehazten ditu. Hala ere, gehienez bi urteko epean jarraipen-txostena egitea aurreikusten da, “plana izaten ari den inpuaktua balioztatu, inbentarioak eguneratu eta ekintzen egoera zehazteko”.
Helburu nagusiak.
Hainbat dira plan integratuagaz udalak lortu gura dituen helburuak, hala nola, energia kontsumoa eta berotegi efektuko gasak (BEG) murriztea, energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta tokiko espeziak sustatuz nekazal eta baso kudeaketa hobetzea eta biodibertsitatea hobetu eta sendotzea. Horretarako, proiektuan sektore publikoa nabarmendu dute, besteak beste, udal instalazioak hobetzeko aukera ezberdinak aztertuz. Hala ere, beste sektore batzuk aztertzea “funtsezkoa” izan da, Muruetaren “ikuspegi energetiko orokorra” lortu ahal izateko. Muruetan kontsumo handieneko sektorea zerbitzuena eta bizitegiena dela ondorioztatu dute, eta hori planean kontutan hartzea “ezinbestekoa” izango da: “Herritarrek bertan eragin beharko dute hobekuntza-neurri askotan”. Era berean, planak hondakina eta industria bezalako sektoreen BEG isurien zenbatekoa islatu da.
“Udalerri iraunkor eta erresiliente bat diseinatzea da helburu nagusia”
Planak jaso legez, udalerriaren etorkizuneko helburuetako bat “burujabetza energetikorako bidea hartzea” da, eta horretarako, ezinbestekotzat dute udala “kontsumitzen duen energiaren jabe” bilakatzea, eta bere lurretan dauden baliabideak autokontsumorako baliatzea. Hala, etxebizitzen aprobetxamenduari buruzko azterlana ere gauzatu dute: “Ortoargazkietan oinarritutako mapen bidez, teilatuetan etorkizunean instalazio fotovoltaikorik izanez gero gehieneko azalera erabilgarria kalkulatzeko egin da”.
Udalerri erresilientea.
Udaletik azken urteetan udalerriko “klima eredua eta energia kudeaketa hobetzeko lan egiten saiatu” direla zehaztu dute, eta egindako azterketak etorkizunean jarraitu beharreko bidea zehazten lagunduko dutela adierazi dute. Hala, Muruetan buru dituzten ingurumen-jarduera batzuk ere gogoratu dituzte, esaterako, zaborra gaika batzea, udaletxea, osasun kontsultategian eta udal taberna hartzen duen Udalbarri eraikinean aerotermia instalatzea, frontoian instalazio fotovoltaiko partekatua ipintzea, eta apurka apurka, kanpoko argiterian LED argiak jartzea eta Flores-Olatxu bidegorria handitzea.
Planaren helburuetako bat energia berriztagarrien ehunekoa handitzea izanik, udalak protokolo ezberdinak jarraitu eta energia-politikagaz bat egiteko helburu zehatz batzuk finkatu ditu, 2044. urtekorako: udalerriaren karbono dioxidoaren emisioa %60 murriztea, energia-kontsumo primarioa %40 murriztea eta energia berriztagarrien ekarpena udalerriko azken kontsumoaren %40 izatera iristea.
Egoera perfektu batean, 2044. urteko azken energia kontsumoaren %60,86 jatorri berriztagarrikoa izango litzateke.
Izan ere, plana indarrean egongo den 20 urteetan udal-administrazioak Murueta “udalerri kaltebera izatetik balizko arriskuetara egokitutako udalerri” izatera igarotzeko aldaketak egitea aurreikusten du: “Udalerria ondo diseinatuta egongo da etorkizuneko bero-boladei, uholdeei eta lehorteei aurre egiteko”. Karrionek adierazi duenez, “asmoa ez da energia erabileraren inpaktuak murriztea soilik, udalerri iraunkor eta erresiliente bat diseinatzea da helburu nagusia”. Horretarako, herritarren “parte hartzea eta konpromisoa” beharrezkoak izan dira: “Elkarrekin lan egingo da helburu amankomunak lortzeko”.
Bi lerro estrategiko.
Ekintza plana “bi lerro estrategiko nagusitan” egituratuta dago; batetik, klima aldaketa arintzeko lerro estrategikoa dago, eta bestetik, klima aldaketara egokitzekoa. Lehenengoan herriko energia eskaria murriztea, energia iturri berriztagarrien bidezko sorkuntza bultzatzea, ingurumen erronken aurrean herri osoaren parte hartzea izatea,autoarekiko menpekotasuna murriztea eta erregai fosilen kontsumoa iturri alternatiboengatik murriztea dira nabarmentzen diren ekintzak. Klima aldaketara egokitzeko lerro estrategikoan, berriz, basoak eta natura elementuak zaindu eta hobetzea, udalerria klima arriskuetara egokitzeko azpiegitura berriak eraikitzea eta urtegietako ur-eskasiari aurre egiteko neurriak hartzea dira aurreikusten diren ekintza esanguratsuenak.
“Kontsumitu gabeko energia, energia berriztagarririk onena da leloari jarraitzea da gomendagarriena”
Estrategia landuta, hori gauzatu ahal izateko eta finkatutako helburuak bete ahal izateko epe labur, ertain edo luzera begirako “hainbat neurri” proposatzen ditu udalak, hobekuntza-ekintzak zehaztuz: plan integratuaren eta jasangarritasunaren gaineko zabalkuntza, udal kontratu elektrikoak energia berdera aldatzea, estalkietan eguzki energia sistemak ezartzea, auto elektrikoentzako karga-puntuak instalatzea, konpostagailu komunitario eta indibidualak bultzatzea… Udaletik azpimarratu dutenez, proposatutako ekintzak beteko liratekeen “egoera perfektu” batean, 2044. urteko azken energia kontsumoaren %60,86 jatorri berriztagarrikoa izango litzateke, berriztagarrien ekarpena 1.948 megawatt-ordukoa izanik.
Zehaztu dutenez, osatutako planagaz “eraginkortasunari garrantzia” eman gura izan diote lehen energia-iturri gisa: “Kontsumitu gabeko energia, energia berriztagarririk onena da leloari jarraitzea da gomendagarriena”. Azpimarratu dutenez, lehenik energia kontsumoa murriztu behar da eta ondoren, kontsumo horren “sorkuntza-alternatibarik egokiena” zein den hautatu.