Ibai Amillategi Omaetxebarriak Getxoko azken saioa irabazi du
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara sailkatu dira Ibai Amillategi gernika-lumotarra eta Enare Munitategi gautegiz arteagarra asteburuan; fase horretan debuta egiteko prest daude Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra eta Onintza Enbeita muxikarra, 2023ko finalistak.
Ibai Amillategi, Getxoko saioanBertsozale Elkartea Bizkaiko Bertsolari Txapelketa fase berri batean sartzear dago: finalaurrekoetako lehen itzulia. Orain arteko sailkapen saio guztiak amaituta, zehaztuta daude finalaurrekoetan parte hartuko duten bertsolariak. Bertan izango dira Busturialdeko lau bertsolari: batetik, lehen fasetik sailkatu diren Ibai Amillategi Omaetxebarria gernika-lumotarra eta Enare Muniategi Etxabe gautegiz arteagarra eta bestetik, 2023ko txapelketako finalistak izateagatik zuzenean finalaurrekoetara sailkatutako Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra eta Onintza Enbeita Maguregi muxikarra.
Finalaurrekoetako lehen itzuliak hiru geldialdi izango ditu: lehenengo saioa Zeanuriko Ibarreta frontoian egingo dute, urriaren 26an [domeka], eta hurrengokoak arituko dira kantuan: Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Bizkarra Ruiz, Bittor Altube Sarrionandia, Imanol Uria Albizuri, Jone Uria Albizuri eta Oihana Bartra Arenas. Bigarren saioa, berriz, Abadiñoko Probalekuan egingo dute, azaroaren 2an [domeka]. Bertan izango dira kantuan Etxebarriazarraga, Muniategi, Gorka Pagonabarraga Agorri , Maite Sarasola Isazelaia, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor. Lehen itzuliko hirrugarren eta azken saioa Barakaldoko Lasesarre kiroldegiak hartutuko du, azaroaren 9an [domeka]. Horretan ere ordezkaritza izango du Busturialdeak, Amillategi eta Enbeita izango baitira oholtzara igoko direnen artean. Irune Basagoiti Agirre, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Goiriena Larrazabal eta Xabat Galletebeitia Abaroa izango dira saioa osatuko duten beste bertsolariak.
Lehen itzuliko 18 bertsolarietatik 12 sailkatuko dira azaroaren 15ean [zapatua] Bermeon eta azaroaren 22an [zapatua] Markina-Xemeinen egingo diren bigarren bueltako saioetara. Bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da nortzuk izango diren final handian izango diren zortzi bertsolariak. Finalaurreko saioetarako zein finalerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.
Azkenak saioak.
Asteburuan jokatu dituzte lehen faseko azken bi saioak. Zapatuan [urriak 11] Galdakaon lehiatu zuten saioan, Basagoitk lortu zuen garaipena 473 puntugaz. 459 puntu poltsikotaratuta, bigarren amaitu zuen saioa Muniategik eta bost eta hirugarren, berriz, Bittor Altube Sarrionaindiak (452 puntu). Asier Galarza Garai muxikarra laugarren sailkatu zen 451 puntugaz. Paule Ixiar Loizaga Legarra (440 puntu) eta Araitz Katarain Mugarzak (432 puntu) osatu zuten sailkapena.
Getxoko Muxikebarri Arrigunagak aretoak hartu zuen azken saioa, atzo [urriak 12], eta bertan, 470, 5 puntu bereganatuta, Amillategi izan finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortu zuena. Atzetik geratu ziren, Goiriena (555,5 puntu), Janire Arrizabalaga Munduate gernika-lumotarra (450,5 puntu), Peio Molinuevo Martin (424,5 puntu), Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria ibarrangeluarra (423 puntu) eta Aitor Esteban Etxebarria (406,5 puntu).