Arratzuko Eskolaren mendeurrena ospatu dute
Bertatik igarotako ikasleak, irakasleak zein udalerriko eraikuntza esanguratsuaren historia ezagutu gura zuten herritarrek Arratzuko Eskolaren mendeurrena ospatzeko elkartu ziren herenegun [urriak 11].
Argazkia: Arratzuko Udala 1925ean sortu zen Arratzuko Eskola, eraikuntza apaintzen duen plakan ikus daitekeen bezala, Gandarias familiak eskaturik. 1992an eskola betiko itxi bazuten ere, mendeurrena ospatzeko hitzorduan elkartu ziren herenegun [urriak 11] Arratzun, eta ez ziren erakusketa, bertsoak edota herri bazkaria falta izan.
Ospakizunak bertatik igarotako ikasleak, irakasleak zein udalerriko eraikuntza esanguratsuaren historia ezagutu gura zuten herritarrek bildu zituen: “Hemen elkartu garen gutariko bakoitzak eraikuntza honegaz lotutako bizipen eta esperientzia ezberdinak ditugu: asko eta asko eskolan ibilitakoak gara, beste batzuk maisu-maistra moduan ibilitakoak zarete; beste hainbat, udalak antolatutako ikastaroetan parte hartutakoak, eta gaztetxoagoak, ludoteka eta liburutegia erabiliz ezagutu duzuenak”. Hala, eskolako eraikina udalerriko bizilagun denentzat garrantzitsua izan den —eta gaur oraindik den— ondarea dela azpimarratu zuten.

Argazkia: Arratzuko Udala
Eskolak0 balkoitik ongi etorria egin eta eskolaren ibilbidea gogoratuz hasi zuten jardunaldia, eta segituan Onintza Enbeita bertsolariak bertso batzuk abestu zituen. Eguerdian herri argazkia atera eta herri bazkarian elkartu ziren, frontoian. Gaurgi taldeak musikatu zuen bazkalosteko dantzaldia. Egubeab zehar, erakusketa ikusi eta eskola barrutik ikusteko aukera eduki zuten.
1925-1992. Victoria de Durañona Pedro Pascual Gandarias arratzuar enpresariaren alargunak bere seme Ricardoren oroimenez egindako eskaria izan zen Arratzuko Eskola, eta Ricardo Bastidak eraman zuen aurrera proiektua: “Eraikuntza hau egin zuen arkitektoa ez zen edonor izan, Ricardo Bastida bilbotarra izan zen, orduko arkitektorik ospetsuenetakoa, bai Euskal Herrian, bai Europan”. Izan ere, arkitektoaren lanen artean daude, besteak beste, Busturiko udalekuak, Bilboko Azkuna Zentroa eta Bilboko udaletxeko zubia. Era berean, Arratzukoaren antzekoak diren eskolak ere egin zituen, esaterako, Zallako La Herrera eskolak.
Arratzukoa herri eskola izateko helburuagaz sortu zen, eta betebehar hori “ondo” bete zuen 1992an eskola betiko itxi zuten arte. 65 urteko ibilbidean zehar hainbat eta hainbat izan dira bertatik igarotakoak, zapatuan eskolan ikusi ahal izan zuten erakusketak erakutsi bezala. Ikasleak bakarrik ez, ibilbide horretan bertatik igarotako irakasleak ere gogoan izan zituzten mendeurrenean. Azaldu zutenez, aurkitu dituzten lehen datuak 1930eko hamarkadakoak dira, eta Matea Elorza eta Elias Ezcurdia aipatzen dira. Gerorantz, Alejandro Nalda (1933), Paula Montoia (1936) eta Bienvenido Garos (1939) ere agertu dira. 50eko hamarkadan hasi eta 1975era arte, Zeanuriko Mari Angeles Ocerin-Juregi eta Juan Sagarna aritu ziren maisu-maistra lanetan. “Aro berrikoak dira Isabel bilbotarra, Totokikaguena, Maribi Agirre eta Amaia Rekatxo, gernikarrak”.

Duela 33 urte eskolak ateak itxi zituenetik Arratzuko Udalak kudeatu ditu ditu eraikuntza eta beheko lokalak, “erabilera ugari” emanez: “Jaietako batzordeak erabiltzen zituen eta euskarazko klaseak ere eman izan dira bertan, eta Arratzuko koruak entseguak ere egiten zituen”. Gaur egun, eraikuntzak ludoteka, liburutegia eta erabilera ugariko aretoa hartzen ditu, baita mediku kontsulta eta Arrola Gunea ere.