Zearretako estalkia, inauguratuta
Gernika-Lumoko Udalak Zearretako kirolguneko estalkia eta berrikuntzak inauguratu ditu. Inaugurazio saioan egon dira Allende Salazar nahiz Seber Altube hezkuntza zentroetako zuzendaritza taldeak eta Lointek Gernika Bizkaiako lantaldea.
Gernika-Lumoko Udalak Zearretako kirolgunean estalki eta harmaila berriak egin ditu, eta atzo [urriak 10] egin zuten berrikuntza horien inaugurazio ekitaldia. Kirol eta aisi esparru hori udalerriko haur eta gazteen gune erabilienetakoa da, Allende Salazar eta Seber Altube hezkuntza zentroetako 1.500 ume inguruk erabiltzen baitute egunero. Hori bai, instalazio berritua herritar guztientzako zabalik egongo da, ikasleentzako ez ezik. Obren aurrekontua 648.700,60 eurokoa izan da, gaztetxoenen “kirol ohiturak sustatzera” bideratua, udaletik argitu modura.
Kirolgune berrituaren aurkezpenean, Jose Mari Gorroño alkatea buru izan zuen udal gobernu taldeko kideez gain, aipatutako hezkuntza zentro bietako zuzendaritza taldeak egon ziren, Aritz Zearra eta Irati Arrien zuzendariak tarteko. Gainera, gazteek herriko kirol erreferente esanguratsuenetako baten partaideak ere aurrez aurre ikusteko parada eduki zuten, baita haiekin saskibaloiak jokatzeko aukera izan ere: Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi talde profesionaleko jokalariek parte hartu zuten, Lucas Fernandez entrenatzaileak, Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak eta lantalde teknikoak lagunduta.
Jose Mari Gorroño: “Instalaziook gernika-lumotar guztienak dira, eta denei dagokie horiez disfrutatzea eta horiek jagotea”
Gorroñok instalazioak eraberritzean parte hartu duten eragile guztiak eskertu zituen, tartean, Luis Iriondo arte eskolako partaideak; beraiek arduratu dira, hain zuzen ere, hormak margolanez apaintzeaz. Lanen emaitza “oso ondo” geratu dela azpimarratu zuen: “Harmailez gain, ia 1.000 metro koadroko saskibaloi kantxa estali dugu, eta lehendik eginda zeuden instalazioak biribildu ditugu”. Orain, eremua gozatzeko eta “ganoraz mantentzeko” ardura “herritar guzti-guztiena” dela azpimarratu zuen alkateak: “Behin eta berriro aurreratu dugun legez, instalaziook gernika-lumotar guztienak dira, eta denei dagokie horiez disfrutatzea eta horiek jagotea”.
Estalkiaz gain, Gorroñok aire zabaleko areto futboleko eremuaren berritzea ere nabarmendu zuen, 1.200 metro karratukoa dena eta estalkidun espazioaren aldamenean kokatuta dagoena. Kirolean dabiltzan herritarrezgain, haiek ikustera doazenak ere aintzat hartu dituzte, obrak egiterakoan: “Eremu honek perimetro itxiera du, baita 300 metro koadroko harmailen gunea ere, ikusleak eroso egon daitezen”.
Eremu berriaren instalazioa modurik egokienean estreinatu zuten: ohorezko sakea eginez. Sake hori egiteko arduradura Jon Mikel Roman Kipu izan zen; gernika-lumotarra, hain zuzen, udalerriko saskibaloiaren bultzatzaile esanguratsuenetako bat izan da eta da egun. Gorroñok Romanek eksolarteko saskibaloiaren alde egindako lana aitzatetsi zuen, berak urtez urte egindako “denetariko ekarpenak” goraipatzeagaz batera.