Genozidioa hemen ere hasten delako
'Gernike Palestinagaz' lelopean, Gernika-Lumoko Ernaik genozidioa udalerriko kaleetan salatu du gaur [urriak 11]. Israelekiko boikota aldarri eta palestinar herriaren sufrimendua ardatz, memoria historiko antifaxista "bizi-bizirik" dagoela erakutsi dute eskualdeko ehunka herritarrek.
Ver esta publicación en Instagram
Gernike-k, beste herrigintza eta umiltasun jarduera batez, Palestinar herria pairatzen ari den triskantza salatzen duela salatu du gaurkoan [urriak 11], udalerriko kaleetan. Gernike Palestinagaz lelopean, Gernika-Lumoko Ernaik manifestaziora deitu eta kaleetan elkartu ditu ehunka herritar, Palestinako genozidioa salatzeko eta Israelekiko berehalako boikota “beharrezkoa” dela azpimarratzeko.
Bada atzera begiratzeko motibo bakarra indar gehiago hartzea dela dionik. Baina batzuetan atzera begiratzeko nahitezkoa da, aurrez aurre dena ulertzeko balioko baldin badu. Ernaiko kideek Israleko estatu sionistak palestinar herria 77 urtez “okupatu eta kolonizatu” duela nabarmendu dute, eta azken bi urteotako genozidio “are basatiagoa” okupazio ekimena haren fruitu dela adierazi. Datuen zama pisutsua da oso: “Azken urte bietan, 60.000 palestinar herritar baino gehiago hil dituzte israeldarrek, tartean, 20.000 bat haur”.

Zifra horiek islatzen dutena “onartezina” dela nabarmenduta, horien aurrean isilik geratzea “ezinezkoa” dela adierazi dute: “Horrexegatik ari gara ikusten aspaldion Palestinaren aldeko mundu mailako protesta, ekintza zein keinuak; Euskal Herria ezin liteke horren salbuespen izan”.
“Genozidioa hemen ere hasten da, Euskal Herriko hainbat enpresak zein erakundek hartu-eman ekonomikoak baituzte Israelgo estatuagaz nahiz bertako enpresekin”
Ekintzek hitzek baino gerizpe luzeagoa duten jakitun, argitu dute aurtengo Espainiako Vueltan protestek “posible” egin zutela etapak geldiaraztea, Israel-Premier Tech taldea parte hartzaileen artean baitzegoen; talde horren kudeatzaile nagusia da, izan ere, Sylvan Adams israeldar-kanadiar bilioiduna, Benjamin Netanyahuren hurreko adiskide eta kolaboratzailea. Hori dela eta, aldarriek Euskal Herriaren luze-zabalera bidaia egitearen esangura plazaratu dute: “Genozidioa hemen ere hasten da, Euskal Herriko hainbat enpresak zein erakundek hartu-eman ekonomikoak baituzte Israelgo estatuagaz nahiz bertako enpresekin”. Horiek seinalatzea eta beraien aldeko boikot irmoa berrestea “garrantzitsua” dela azaldu dute: “CAF, Carrefour, AXA, BBVA edota HP, genozidioaren konplize zarete”.

Lanuzte orokorrerako deia.
Halaber, 1937ra atzera begiratzeko tartea ere hartu zuten. Gernikako bonbardaketa mintzagai, manifestariek ozen aireratu dute memoria historiko antifaxista “bizi-bizirik” dutela: “Beraz, ez dugu sionismorik onartuko ez Gernika-Lumon, ez Gazan; herri zapalduen arteko elkartasun internazionalista adierazteko unea da, Euskal Herritik Palestinara”.

Azken egunotan hautsak harrotzen ari da Donald Trump presidente estatubatuarraren ustezko bake akordioa, eta horri ere keinu argi askoa egin dio Ernaik: “Su etenak palestinar herriari arnasa ematen dio, baina ez dugu inondik inora ere ahaztu behar Israelen izaera kolonizatzailea dela, eta joera duela nazioarteko hitzarmenak ez betetzeko. Israelek nahiko lukeena zera da, erasotuak izaten ari diren palestinar herritarren erresistentzia desarmatzea eta genozidioa egiten ari den estatu sionista bere horretan mantentzea”.
“Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko azaroaren 15eko futbol partiduaren harira deitutako elkartasun martxan parte hartzeko deia ere luzatzen dugu”
Horri aurre egin asmoz, urriaren 15eko lanuzte orokorrera deitu dituzte herritarrak: “Langile eta ikasle mugimenduagaz bat eginda, elkartasuna biderkatu beharra dago egun; horrenbestez, Euskal Herriko gazteek ere kaleak hartuko ditugu hilaren 15ean. Gainera, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko azaroaren 15eko futbol partiduaren harira deitutako elkartasun martxan parte hartzeko deia ere luzatzen dugu. Palestina ibaitik itsasoraino aske izan arte, kaleak hartzen jarraituko dugu”.