Adikzioak prebenitzeko hezkuntza programa eskainiko du udalak
Gazteen kontsumo-ohiturak, arriskuak eta alternatibak "modu pedagogikoan" jorratuko dituzte. Bermeoko Udalak antolatutako ikastaroak ikastetxeen eta ikasmailen arabera antolatuta egongo dira.
Gazteen artean drogamenpekotasuna eta adikzioa prebenitzea helburu duen programa jarri du martxan beste urte batez Bermeoko Udalak. Udalerriko hezkuntza zentroekin elkarlanean garatutako tailerretan gazteen kontsumo joerak aztertu eta arriskuak eta alternatibak “modu pedagogikoan” landuko dituzte, beti ere ikasleen adinaren eta garapen etaparen arabera egokitutako saioetan.
Programa honen bitartez “berdinen arteko harremanak drograren beharrik gabe garatzea” da tailerraren xede nagusietako bat, baina asko dira finkatu dituzten bestelako helburuak ere, hala nola, menpekotasuna “gaixotasun mental gisa” ulertu eta horrek gizarteak duen eraginaz hausnatzea eta, gazteen adinaren arabera, drogei buruzko informazio espezifikoa argitzea. Horretarako, besteren artean, lehen kontsumoen ereduak eta bizitzako arlo ezberdinetan horrek izan ditzakeen ondorioak aztertu eta kontsumoaren arriskuez eta horiek murrizteko estrategiez eztabaidatuko dute. Halaber, ikasleei aisialdirako “aukera osasuntsuak” proposatuko dizkiete.
Ikasmailaren arabera. Programako saioak ikastetxe eta ikasleen mailaren arabera prestatu dituzte: DBH1. mailakoek kea, baperra eta tabakoa izango dituzte mintzagai; DBH2. mailakoek, alkohola eta DBH3. mailakoek, berriz, kalamua. DBH4. mailakoek, Lanbide Hastapenekoek, eta Nautika Eskolakoek droga sintetikoak eta horien eragina izango dute hizpide.
Lanbide Hastapenekoak izango dira aurten programa zabalduko dutenak, urriaren 13 [astelehena] eta 17an [barikua] izango baituzte saioak. Bermeoko Institutuan urriaren 20an [astelehena] eta 31n [barikua] batuko dira; Eleizalde Ikastolan abenduaren 9 [martitzena] eta 13an [zapatua], Sagrado Corazon Ikastetxean otsailaren 2 [astelehana ]eta 13an [barikua] eta Nautika Eskolan, berriz, martxoaren 23 [astelehena] eta 27an [barikua].
Tik-Tak-Tok Astea. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan, bestalde, pantailen erabilera egokiaren inguruko lanketa egingo dute. Tailerrak “dinamika interaktiboen eta ikaskuntza dialogikoaren bidez” gauzatuko dituzte, sare sozialen eta bideo-jokoen inguruko hausnarketa bultzatu asmoz.
Eleizaldeko ikasleek maiatzaren 4ean [astelehena] eta 8an [barikua] egingo dituzte saioak, eta maiatzaren 11 [astelehena] eta 15an [barikua], berriz, Sagrado Corazon Ikastetxearen txanda izango da. Maiatzaren 18 [astelehena] eta 22an [barikua] itxiko da tailer zikloa, San Frantzisko Herri Eskolakoekin.
Talde Giza-Hezigarriak. Drogramenpekotasuna eta adikzioaz gain, DBH4ko eta Lanbide Heziketako ikasleek bizitza-proiektua garatzeko “beharrezkoak” diren trebetasunak ere jorratuko dituzte, Talde Giza Hezigarreak programagaz. “Espazio hauek orientazio pertsonala eta zailtasunen kudeaketa praktikoa eskaintzen dute”, azaldu dute. Bermeoko Institutuko DBH4. mailakoak urtarrilean egingo dute saioa, eta Nautika Eskolakoek, berriz, apirilean.
Udalak gazteeen ongizatearekin “konprometituta” dagoela berretsi du, prebentzioaren aldeko hezkuntza ekimenak sustatzen jarraituko duela aurreratuz. Izan ere, tailerrak gazteen garapen osasuntsu butzatzeko “tresna baliotsuak” direla uste dute, eta horien arrakasta bermatzeko komunitate osoaren inplikazioa “funntsezkoa” dela zehaztu dute.