Open Day: dibertsitate funtzionalari ahotsa emateko jardunaldia
Kirol inklusiboa bultzatzeko Open Day egunean bilduko dira kirolariak domekan (urriak 12), Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan. Txapelketa jokatuko dute, eta senidetze bazkarian elkartuko dira gero.
Koldo Kortabitarte Maierreko presidentea, Mirenlur Santiago Lointek Gernikako Marketin arduraduna eta Koldo Karbonell Ajangizko alkatea gaurko (urriak 9) Open Day jardunaldiaren aurkezpenean. Kirolaren bitartez gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzea bilatzen duen Open Day egunean bilduko dira domekan (urriak 12), Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan. Bigarrenez antolatu dute jardunaldia Hasztenek, Lointek Gernikak eta Maierrek elkarlanean, eta horrekin kirol inklusiboa sustatu eta dibertsitate funtzionala ikusarazi gura dute, domekakoa ez baita bakarrik kirol jardunaldia izango. “Open Day-ak ez du soilik kirol jardunaldi bat eskainiko. Helburua da pertsona guztiek, euren gaitasuna edozein dela ere, kirola bizitzeko aukera izatea”, adierazi du Koldo Kortabitarte Maierreko presidenteak gaur (urriak 9) Ajangizko kultur etxean egin duten aurkezpenean.
Izan ere, kirolaren bitartez hezkuntza eta gizarteratzea batzen dituen ekimena da Open Day, inklusioaren eta kirolaren festa. “Aniztasun funtzionala dute pertsonen ikusgarritasuna handitu gura dugu”, gehitu du Kortabitartek, eta horretarako hainbat balio partekatzeko ekitaldia prestatu dute: elkartasuna, errespetua, berdintasuna. “Gure enpresak konpromisoa hartzen du inklusioa ez izateko salbuespena, eguneroko praktika baizik”, esan du Maierreko presidenteak. Izan ere, gizarte inklusiboa “denen artean eraikitzea” da euren helburua, eta ekitaldi hau aukera bat da horretarako: elkar ezagutzeko, ikasteko eta elkarrekin gozatzeko.

Mirenlur Santiago eta Koldo Kortabitarte, Open Dayaren aurkezpenean.
Mirenlur Santiagok, Lointek Gernikako Marketin eta Harreman Instituzionalen zuzendariak, esan du taldearentzako “erantzukizun handia eta aberasgarria dela” Fenomenoak taldearekin lan egitea. “Erantzukizuna sentitzen dugu, ez bakarrik euren kirol ibilbidea bultzatzeko, baita pertsonala ere. Hala, entrenatzaileen eta laguntzaileen lana goraipatu gura dut, taldearen behar bereziak eta pertsonalak aldatzen doazen heinean, baliabideak ere aldatu behar dituztelako”, esan du Santiagok. Gehitu du Fenomenoak taldekoen familiek zein euren ingurune hurbilak “asko eskertzen” dietela taldea izatea: “Laguntza eta sosegua sentitzen dutela esaten digute, beren seme-alabek sozializatu egiten dutelako eta kirola egiteak euren bilakaera eta garapen pertsonalean ongizate fisiko eta psikologikoa dakarrelako”.
Fenomenoak taldea “euren” eta beste klub batzuen artean “erreferente” bihurtu dela dio Santiagok, kirolaren berezko balioak oso barneratuta dituztelako: ahalegina, diziplina, banakako zein taldeko lana, laguntasuna. “Dibertsitate funtzionalak ez dakarrela inolako mugarik kirola egiteko erakusten dute behin eta berriro”.
Horrelako ekitaldien “garrantzia eta beharrezkotasuna” aipatu ditu Santiagok, ahotsa ematen baitie dibertsitate funtzionalari eta antolatzaileek hartutako konpromisoari. Hala, erakunde eta enpresa pribatuei lankidetzarako deia egin die, “kolektibo horiei ahotsa emateko” eta euren benetako premiekin bat datozen lan eta hezkuntza aukerak sortzeko, beraienak diren eskubideak aintzat hartuta.

Mirenlur Santiago eta Koldo Kortabitarte, Open Dayaren aurkezpenean.
Kiroletik harago.
Open Day hau, baina, ez da domekara bakarrik mugatzen. Izan ere, eskualdeko ikastetxeekin proiektuari ikusgarritasuna emateko jardunaldia egin zuten joan den barikuan: Baloiaren nahia. Fenomenoak eskualdeko ikastetxeak bisitatu zituzten, kirolaren onurak eta balioak ikasleen artean zabaltzeko eta kirol inklusiboari ikusgarritasuna emateko. “Kirolariek ikasle eta irakasleekin partekatu zituzten euren bizipenak, eta euren jakin-minetik abiatuta, galdera asko egin zieten ikasleek, baita eurekin saskibaloian jokatzeko gogoa adierazi ere. Oso pozik ibili dira guztiak, eta elkarren arteko hartu emanak sortu dira”, azaldu du Santiagok, ekimena “benetan aberasgarria” izan dela ondorioztatuta.
Domekan, 10:00etatik aurrera bilduko dira San Fidel Ikastolan egingo duten kirol topaketan, eta Bizkaiko taldeek ez ezik, Kantabriako talde batek ere parte hartuko du oraingoan: “Helburua da etorkizuneko edizioetan ekitaldi honen benetako helburua eta espiritu kolektibo eta diziplina gehiagori helaraztea”. Hauek dira txapelketan parte hartuko duten taldeak: Haszten, BSK, SP Penguins, OSK, BSK, eta Lointek Gernikak berak.

Eta, bertaratutako guztientzako sentsibilizazio tailer bat ere eginog dute, ondoren, bazkari batean elkartzeko kirolari, familia eta laguntzaileak. Bazkari hori musikarekin dantzan amaituko dute, Xaiborren eskutik, eta taldeen arteko harremanri eta esperientziak partekatzeari lagunduko dio, “normalizaziotik abiatuta”.
Hala, herritarrak zein inguruetako bizilagunak gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera, bai aktiboki, bai ikusle modura: “Elkarrekin kirola guztiontzat izan dadin lan egingo dugu”.